Kontxarako sailkatze estropadetan arituko dira gaur eta bihar Zumaiako traineruak

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 31a, 10:48

Arraun denboraldiko hitzordu nagusienetakoa gainean da. Irailaren 4an eta 11n jokatuko da Kontxako estropada, eta gaur eta bihar artean jokatuko dira sailkatze estropadak. Zumaia Deltecoko traineruetako entrenatzaileen iritziak jaso ditugu hemen.

Gaur, 18:00etatik aurrera, gizonen sailkatze estropada jokatuko da Donostian; bihar, berriz, ordu berean, emakumeena. Ligak dagoeneko bukatuta, Zumaia Delteco klubeko ontziek prestaketa lanak egin dituzte bi jardunaldi hauetara begira. Gizonen zein emakumeen traineruetako entrenatzaileekin hitz egin dugu estropada hauetara begira dituzten inpresioak jakiteko, baita denboraldiaren balorazioa egiteko.

Odei Arrizabalaga – Gizonen Delteco Zumaia traineruko entrenatzailea: "Estropadarik onena egitera goaz, urtea sentsazio onekin bukatzeko".

"KAEko traineruak Kontxan sartzea ia miraria da. Eusko Label ligan hamabi traineru daude, horietako bat, Donostiarra, dagoeneko sailkatuta dago, eta ligako beste hamarrek, behintzat, maila handiagoa dute KAEko ontziek baino. Galiziarrak ere hor daude eta sorpresaren bat eman dute; agian KAE ligako ontziren batek sorpresaren bat eman dezake, baina oso zaila da hori. Guk ligan lortu dugun emaitzarik onena hirugarren postua izan da. Kontxan sartzeko emaitza hori hobetu beharko genuke lehendabizi, eta besteek estropadak kaskarra egin beharko lukete. Estropadarik onena egitera goaz, urtea sentsazio onekin bukatzeko. Gure helburua disfrutatzea da, estropada konpleto bat eginez. 

Denboraldiaren balorazioari dagokionez, nire helburu pertsonala iazkoa hobetzea zen. Azkenean, luze samarra egin zaigu liga, eta sailkapeneko seigarren postuak ihes egin digu azkenean. Zortzigarren postuan bukatu dugu liga, baina emaitza polit batzuk lortuta; iaz ez ginen horretarako gai izan. Estropada puntual batean hirugarren egingo bagenu, agian zalantzak izango genituen, baina bita izan gara hirugarren, laugarren ere egin dugu, baita bosgarren ere. Sentsazio onak eman dizkigun emaitzak izan dira. Nire ustez bigarren txandan egoteko maila dugu. Hasieran kostatu zitzaigun txanda horretara heltzea. Pasaian estropada txar bat egin gabe hamargarren egin genuen, eta etxean bai, estropada txarra egin genuen. Gero hor galdutako puntuak berreskuratzea kostatu zitzaigun, baina nik uste bigarren txanda horretan eroso sentitu garela. Errioko erlojupekoetan emaitza oso onak lortu ditugu; seigarren eta hirugarren postuen arteko tarte horretan ibili gara. Onena errioan eman dugu, eta pena ematen dit itsasoan ez dugula gehiegi disfrutatu estropadetan, Elantxoben lortutako hirugarren postua kenduta. Berez, iazko taldearekin alderatuta sei-zazpi baja izanda, bada beldur pixka bat bazegoen ea talde laburra izango genuen. Baina iazko bloketik tiraka, eta jende berria sartuta, denok lortu ditugu emaitza onak. Aurten irregularra izan dena atzean utzi eta erregulartasun baten bila joatea izan beharko luke datorren urteko helburua". 

Joxe Enrike Manterola – Emakumeen Delteco Zumaia traineruko entrenatzailea: "Kontxara ilusioarekin eta esperantzarekin goaz".

"Zazpi plaza daude –Donostiarra sailkatuta dago dagoeneko–, eta Euskotren ligako beste hirurak suposatzen da sartuko direla. Hondarribia ere sartuko dela nahiko ziur dago, eta Hibaika ere hor izango dira. Beste bi lekutarako txalupa asko gaude, eta segundo gutxiren barruan ibiltzen gara. Bospasei txalupa egongo gara segundo gutxian. Zarautz eta Hernani ere hor daude, biek ere gora egin dute, eta galiziarrak ere hor izango dira. Ez dakigu galiziarrak nola etorriko diren, baina beraiek ere ez gu nola gauden.

Hemengo bigarren ligan laugarren geratu gara, baina hirugarren postu dezente ere lortu ditugu, denak itsasoan. Emaitza horiek guztiak itsasoa mugituta zegoenean lortu ditugu. Orduan, itsaso ona emanda badago ere, gure esperantza da giroa pixka bat mugitzea eta hala Deustori aurrea hartzea. Hor plaza bat aurrera egingo genuke. Garrantzitsuena da gure lana ondo egitea. Guk lana ondo egiten badugu, eta besteek aurrea hartzen badigute, chapeau, gu baino hobeak izan dira. Gauza da guk gauzak ondo egitea. Hortik aparte etorri da etorriko dena. Kontxara ilusioarekin eta esperantzarekin goaz, eta ez zen zorakeria bat izango kontxan sartzea.   

Denboraldian zehar bandera bat irabazi dugu. Zortea izan genuen, baina zorte hori aprobetxatzen ere jakin behar da. Denboraldia ona izan da. Ikusita Gabonetan txalupa osatzeko gai izango ginen ez genekien. Jende gazte asko dugu, jubenil mailako lehen urtekoak, 17 urtekoak, eta Hibaikarekin eta Deustorekin borrokatzeko gai izan gara, baita Deusto batzuetan atzean uzteko ere. Nire aldetik balorazioa ona da, gustura nago egindako denboraldiarekin eta lanarekin. Jende asko aurten hasi da traineruan ibiltzen eta asko ikasi dute. Datorren urtean segituko balute, primeran. Hori da erronka, ea jarraitzen duten. Eta pixka bat indartuko bagenu, lehiakorragoak izango ginateke datorren urtean".