Ostegunean zabalduko da Musika eta Dantza eskolako matrikulazioa

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 30a, 14:39

Zumaiako Musika eta Dantza eskolak aste honetan zabalduko du 2022-2023 ikasturterako matrikulazioa. 

Musika, dantza eta antzerkiko ikasgaietan izena emateko epea ostegunean zabalduko du Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak. Irailaren 7ra arte izango da matrikulazioak egiteko epea. Klaseak, berriz, irailaren 12an hasiko dira. 

Matrikulak telefonoz (943-86 11 83), posta elektronikoz (musikaeskola@zumaia.eus) edo Ubillos jauregiko bulegoan tramitatu ahal izango dira. Bulegoko orduak honakoak izango dira: astelehen eta ostiraletan 11:00etatk 13:00etara, eta astearte, asteazken eta ostegunetan 16:30etik 18:30era. 

Musika eta Dantza Eskolako arduradunek azaldute dutenez, beraien helburu nagusiena "edozein adinetako pertsonei antzerki, dantza eta musika arloetan prestakuntza praktikoa ematea da", eta, aldi berean, "interesa edo bokazioa duten pertsonei lanbide-heziketarako prestaketa ematea. Aukera zabalak eskeintzen dira, joera desberdinak landuz, bai bakarkako lanetan baita taldean ere".

Gogoratu dute, baita ere, herriko gizarte eta kultur bizitza "aberasteko eta dinamizatzeko asmoarekin", hainbat jarduera antolatzen dituztela urtean zehar, hala nola, Xixili Egunean, Inauterietan, San Telmo jaietan, etab.