Eguerdi parte osoa jolasean pasatu dute Oikiako umeek beren egunean

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 25a, 15:15

San Bartolome jaietan murgilduta dabiltza atzotik Oikian, eta Umeen Eguna dute gaur. Puzgarriak, askotariko jolasak eta karrikotxe karrerak egin dituzte goiz-eguerdi partean. Herri bazkaria ere izan dute, eta arratsaldean puzgarriak eta iluntzean disko festa izango dituzte egunari amaiera dotorea emateko.

Sanbartolomeak ari dira ospatzen oikiarrak atzotik, eta gaur Umeen Eguna izaki, haientzako egitarau aproposa prestatu dute. Hala, goizean puzgarriak egon dira frontoian, eta ondoren askotariko jolasetan aritu dira: bi taldetan banatu eta nork arropa gehien jantziko soinean; lokotx biltzen; eta ura garraiatzen, txingak bailiran.

Ondoren, batzuk karrikotxeetan ibili dira aldapan behera, kaskoa jantzita, ikusle ugariren aurrean.

Aurpegiak margotu eta polit-polit jartzeko aukera ere izan dute auzoko haur eta gaztetxoek.

Nahikoa jolastu ondoren, herri bazkariaren ordua iritsi da. Umeentzat izan da hori ere, eta arratsaldeko bi hitzorduak ere hala izango dira: 16:00etatik aurrera puzgarriak eta jolasak izango dituzte berriro, eta 21:00etan, berriz, disko festa, eguna festa giroan amaitzeko.

Bihar, ostirala, Blusa Eguna izango da.