Txanda irabazita, hirugarren egin dute Delteco Zumaiako neskek gaur Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 20a, 11:31
Telmo Deunen zaleak, gaur goizean estropada ikusten Zarauzko pasealekuan. (Aritz Mutiozabal)

Itsaso mugituarekin arraun egitea tokatu zaie gaur ETE ligakoei Zarautzen. Delteco Zumaiak bigarren txanda irabazi du, eta ohorezko txandan aritu den Deustori ere aurre hartuta, puntu garrantzitsuak eskuratu ditu sailkapen nagusirako. Bihar erlojuaren aurka aritu beharko dute Bilbon.

10:30ean hasi da ETE ligaren asteburu honetako lehen hitzordua, Zarautzen. Bigarren txandan lehiatu da Delteco Zumaia, Ondarroarekin eta Zarautz Gesalaga Okelanekin batera, eta txanda irabaztea lortu dute zumaiarrek, 11:46,62 denbora eginda.

Ondarroarekin batera helmugaratu dira Telmo Deuneko neskak, eta ehuneneko batzuengatik aurreratu dira, bizkaitarrek 11:46,73 egin baitute.

Ohorezko txandan Deusto ez da batere fin ibili, eta 12:02,67 denbora egin duenez, hirugarren sailkatu dira zumaiarrak, Hondarribiaren eta Hibaikaren atzetik. Bi horiek Euskotren ligarako txartela eskuratu dute gaur.

Puntu garrantzitsuak sailkapenari begira

Zumaiak zazpi puntu garrantzitsu eskuratu ditu gaurkoan sailkapen nagusira begira. Izan ere, laugarren zen 71 punturekin, eta Deusto zen hirugarren, 79 punturekin. Orain, postu berean jarraitu arren, tartea murriztu du bizkaitarrekiko, Zumaiak 78 puntu baititu, eta Deustok, berriz, 82.

Ea biharko estropadan zer egiten duten batak eta besteak –Bilbon, 11:45ean–. Erlojuaren aurka aritu beharko dute han.

Gaurkoan, itsaso mugituarekin egin behar izan dute arraun, eta ohi bezala, zaletu asko bertaratu da Zarautzera estropada ikustera.