Zumaiarren doinuak

Eire Salegiren doinuak

Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 09:00

Geldirik egotea zer den ez dakien oikiarra. Telekomunikazioen ingenieritza ari da ikasten Bilbon, eta musikazale porrokatua da. Gogoko dituen bost abesti aukeratzeko eskatu zaio. 

1. J Martina – Amore

J Martina taldeak musika doinu elektronikoak letra indartsuekin uztartzen ditu; asko gustatzen zaidan talde bat da. Larrabetzuko hirukoteak kantu solte asko kaleratu ditu pandemiaz geroztik, baina aurten EP batekin ausartu dira. Gazte baten ametsak bildumakoa da Amore, estribilloak duen indarra kontzertuan biderkatu egiten da.

2. The Strokes – The adults are talking

The Strokes taldearen gitarra doinuek aspaldi engantxatu ninduten, You only live once gitarrarekin asko matxakatu dut. The adults are talking azken diskako singlea da. Kanta hau ikasteko jartzen dudan arren, oroitzapen onak datorzkit harekin.

3. Guda Dantza – Nekaturik

Guda Dantza talde algortarrak aurten 10 urte bete ditu. Orain arte ska kantuak egin badituzte ere, doinu funkyagoekin datoz aurten. Nekaturik beraien hurrengo diskako aurrerapen abestia da. Euskarabentura espedizioan guztiak animatzen gintuen kantu hau asko dantzatu dut uda hontan.

4. Merina Gris – Ardi latxen herrian

Merina gris talde sortu berriak euskal eszenari aire freskoa eman dio bere estilo elektronikoarekin. Proiektu anbiziotsua aurkeztu eta ez dute hutsik egin lehen diskarekin. Ardi latxen herrian kantan Belako taldeko Cris abeslariaren laguntza ere badute. Kanta honek aisa motibatu zaitzake, niri kantaren bukaerako zatia gustatzen zait gehien.

5. Lany – Thru these tears

Lany Los Angeleseko taldearen kanta hau nire kuttunetako bat da. Badira urte batzuk lehen aldiz entzun nuenetik, baina ez da gogoz kontra entzun dudan aldirik egon. Taldea oso ezaguna ez den arren, merezi du bere diskoak entzuteak.