Egun handietako itxura erakutsi zuen atzo Gernikako frontoiak. Sarrera guztiak aurrez agortuta, 1.800 lagun bertaratu ziren Gernikako Grand Slameko finalerdiak ikustera. Bi partidetan zegoen Zumaiako ordezkaritza. Lehen partidan, Goikoetxea eta Basque Erkiaga eta Lekerikaren aurka neurtu ziren; bigarrengoan, Olharan eta Lopezek Barandika eta Etcheto izan zituzten aurkari. Maila goreneko zortzi pilotari finalerako txartelen bila.
Erkiaga eta Lekerika hasi ziren agintzen lehen partidan. Goikoetxeak ez zuen errematatzeko aukerarik aurkitzen, eta Erkiagaren kasua justu kontrakoa zen. Pilota biziarekin eroso sentitu ziren gorriak, eta lehen seta 15-8 emaitzarekin irabazi zuten. Bigarren setean, hasi zen Goikoetxearen erakustaldia. Erremate bat bestearen atzetik eginez, eta Basquek atzeko koadroetan erakusten zuen segurtasunaz baliatuta, seta irabazteko gai izan ziren urdinak (9-15). Set laburrean erabakiko zen zer bikote pasako zen finalera, eta hor ere primeran moldatu ziren gipuzkoarra eta Iparraldekoa. 2-5 emaitzarekin irabazi zuten seta eta, ondorioz, finalerako txartela.
Lehen partida erremate askokoa izan bazen, bigarrengoan piloteo gehiago izan da. Olharan eta Lopez ziren, ustez, faboritoak, lehen fasean partidarik galdu ez zutelako, baina aurrean zituzten Barandikak eta Etchetok lanak eman zizkien, lehen setean bereziki. Atzo gorriz jokatu zuten bizkaitarra eta Iparraldekoa aurretik jarri ziren markagailuan (10-8), baina urdinek sei tanto jarraian egin zituzten (10-14) eta ia erabakita utzi dute lehen seta. 11-15 irabazi zuten Olharanek eta Etchetok. Bigarren setean ez zen lehenengoan bezainbesteko borrokarik izan, eta erraz irabazi zuten Olharanek eta Lopezek (7-15). Hala, bi setetan lortu zuten finalerako txartela.
Finala datorren asteartean, hilaren 16an jokatuko da, San Roke egunean. Sarrerak agortuta daude, baina ETB-1en bidez ikusi ahal izango da, 12:00etatik aurrera.