Azoka, herri bazkaria eta sagardo dastatzea, bihar Euskal Jai Egunean

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 11a, 08:40

Osasun krisialdia zela eta, aurreko bi urteetan, 2020an eta 2021ean, ezin izan zen Euskal Jai Eguna ospatu Zumaian. Aurten bai, eta indartsu dator, gainera. 

Beroaldiak laguntzen badu, behintzat, jende andana espero da herrian bihar, ostirala, ospatuko den Euskal Jai Eguna dela eta. Goizean hasi eta larunbateko ordu txikiak arte luzatuko da jai giroa herrian. 

Ohi bezala, baserritarren azoka izango da goiz partean Zumaiako alde zaharrean, beti ere musikak girotuta. 10:00etan hasi eta 14:00ak arte egongo dira salmenta postuak martxan. Horrez gain, goizeko 11:00etan haurrentzako tailerrak egingo dira Parrokiko atarian. Eguerdian, berriz, Aitor Mendiluze eta Jon Maia arituko dira bertsotan balkoitik balkoira. Lehen saioa 12:00etan egingo da udaletxean, eta bigarrena ordu erdi beranduago Kofradian. Goizeko txandarekin amaitzeko, 15:00etan herri bazkaria egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan. Txartelak dagoeneko agortuta daude. 

Arratsaldean, 18:00etan hasita, haurrentzako dantzaldia izango da Amaiako plazan Joxe Mendizabalen eskutik. 18:30ean Alaken taldearekin plaza dantzak izango dira Gurrutxaga plazan, eta zertxobait beranduago, 19:00etan, sagardo dastatzea. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko hamar ekoizleren sagardoa izango da plazan. Basoa edo kopa aukeratu ahal izango da, eta 3 euroren truke bost sagardo probatu ahal izango dira. Edalontzia itzultzean euro bat emango da bueltan.

Egitarauarekin amaitzeko, Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia izango da Amaiako plazan.