Musika Jaialdian parte hartu duten artistei, elkarteei eta entzuleei eskerrak eman dizkie udalak

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 10a, 19:00
San Pedro Abesbatzaren eta Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertuko irudia. Argazkia: Juan Luis Romatet

Pasa den igandean parrokian egin zen emanaldiarekin bukatu zen aurtengo Musika Jaialdia. Balorazioa egiterako orduan, 38. edizio honetan parte hartu duten artista, elkarte eta, nola ez, entzuleak eskertu nahi izan ditu Zumaiako Udalak.

Uztailaren 27an hasi zen Zumaiako 38. Musika Jaialdia, eta abuztuaren 7an bukatu. Egun hauetan musikaz blai egin du Zumaiak, maila handiko eskaintzarekin. Maila goren hori erakutsi duten herriko elkarteen artean daude San Pedro Abesbatza eta Zumaiako Musika Banda, esaterako. Lehenak, Sapere Aude Sinfoniettarekin batera, Joxan Goikoetxearen Hesiak urraturik oratorioa interpretatu zuen; bigarrenak, berriz, Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin kontzertua eman zuen. "Zumaiako musikarien maila goi mailakoa dela erakutsi dute beste behin", azpimarratu du udalak balorazioan. 

Kultur eskaintzarekin jarraituta, euskal musikari eta konpositoreek beste behin ere presentzia izan dutela azaldu du udalak, "Xabier Leteren omenez antolatutako emanaldian, edota Aldapeko taldearen fusioetan, esaterako". Antolaketa lanetan herriko elkarteek eskainitako laguntza eta aholkularitza ere eskertu ditu udala balorazioa egiterako orduan, eta horren garrantzia aitortu nahi du.

Eskaintza anitzeko jaialdia –musikaz again, dantzak eta antzerkiak ere presentzia izan dute–, entzuleek aurten ere hutsik egin ez dutela nabarmendu dute antolatzaileek, eta hitzordu askotan sarrerak agortu izana ere azpimarratu dute. 

Behin 38. edizioa amaituta, eta balorazioa eginda, datorren urteko edizioarekin lanean hasi direla ere nabarmendu nahi izan du udalak.