Dotore janzteko gonbidapena, bihar, Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 5a, 18:00

Beste ekitaldi eta jarduera asko bezala, gehientsuenak ez esatearrena, Gala Eguna ere bertan behera utzi behar izan zen azken bi urteetan osasun krisialdia dela eta. Bihar, baina, berriro ere dotore jantzi eta kalera ateratzeko aukera izango da herrian. 

Gaur egungo Gala Egunak zer ikusi gutxi du orain hamarkada batzuetakoekin alderatuta, baina herritarrek, gazte zein heldu, emakume zein gizonek, abuztuko lehen larunbatean dotore jantzita kalera ateratzeko grina mantentzen dute. 

Bi urteko hutsartearen ondoren, bihar berriro egingo da Gala Eguna Zumaian, eta berrikuntzekin dator, gainera. Azken urteotan arrakastatsuak suertatu diren ekitaldi batzuk mantenduko dira, Saregileen plazan jarriko den argazki txoko edo photocallaren kasu. 19:00etan hasiko da ekitaldia. Banakako, bikote, talde, guztiak daude gonbidatuta oholtzara igotzera. Argazki horiek Baleike.eus webgunean erakutsiko dira igande goizean.

Ordu berean abiatuko da Eusebio Gurrutxaga plazatik Lindy Hop dantzaldia. Bigarren saio bat ere egingo da, 21:00etan, Itzurun hondartzan.

Gau partean bi musika saio egingo dira, herriko bi lekutan. Batetik, 22:30ean hasita The Soulutions soul taldearen kontzertua izango da Gurrutxaga plazan, eta bestetik 23:30ean hasita, DJ Davilaren saioa Amaiako plazan. 

Horrekin nahikoa ez balitz, herriko taberna batzuek esfortzu berezia egingo dute egun honekin bat egiteko, eta koktelak prestatu eta zerbitzatuko dituzte beraien establezimenduetan.