Sukalde doinuak Musika Jaialdiaren barruan

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 5a, 10:49

Umoreak eta musikak bat egin zuten atzo Torreberriko aterpean Traka Matraka taldearen Matraka Culinary Center ikuskizunean. Etxeko txikienei zuzendutako ekitaldia izan zen, eta primeran pasatu zuten bertaratutako haurrek zein gurasoek. 

Nork ez du noizbait kazuela bat perkusioko instrumentu bezala erabili? Nork ez du botila batean putz egin handik zer soinu aterako zen entzuteko? Sukalde batean aurki daitezkeen tresnekin musika egin daitekeela erakutsi zuten atzo Traka Matraka taldeko kideek Zumaiako 38. Musika Jaialdiaren barruan antolatutako Matraka Culinary Center ikuskizunean. Haurrei zuzendutako ekitaldia zen, eta zirimiriaren azpian izan bazen ere, ederki pasatu zuten ikuskizunean zehar. 

Dantza Odietan

Musika Jaialdiko azken aurreko ekitaldia izango da gaur arratsaldean Odieta frontoian. Dantza garaikideak hartuko du lekukoa gaur, eta bi konpainiaren lanak ikusteko aukera izango da. NeRI(H)ari Iceberg lana ekarriko du, eta Lasalak Alive ikuskizuna.

Argazkiak: Udaleko Kultura Saila.