Erretratua

Bizitza harrapatzen kameraren bidez

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 6a, 09:00
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo.

Herri txikiak eta infernu handiak bisitatu ditu, oholtzara ere behin baino gehiagotan igo da, eta urte bukaerako kanpaikadak ere banan-banan bizi izan ditu. Kamera eskuan, sorbalda gainean, edo tripodeaz lagunduta jaso ditu ekintza, jaialdi edota ekitaldi horiek guztiak Iñaki Urreiztik.

Ekaineko aldizkariko Erretratua ataleko erreportajea da hau.

Telebistarako lan egiten du, baina etxean duen telebista aparailua piztu ere ez duela egiten esan du Iñaki Urreizti Aizpuruak (Zumaia, 1988). Grabatutako saioak ere nekez ikusten dituela onartu du, akaso akatsen bat egin duen jakiteko, edo irudiak hartzeko orduan izandako sentsazioren bat uxatzeko asmoz bakarrik. Hori hala izanda ere, ezagutzen dutenek zalantzarik ez dute: irudiez elikatzen da. Ohikoa da sakelakoari begira aurkitzea, sareren batean partekatutako bideoari edo argazkiei adi-adi begira, askotan, barreari ezin eutsirik. 

"Beti gustatu izan zait ikus-entzunezkoen mundua; atentzioa beti eman izan dit, baina ikasteko orduan beti pentsatu izan nuen irteera profesionalik ez zuela", esan du denborarekin kameralari bihurtuko zenak, kafe kikara txikia eskuan duela. Zer ikasketa egin zituen galdetuta, irribarre batekin kontatu du autoen elektromekanikaren inguruko modulu bat ikasi zuela, baina gero arlo horretan lanik ez duela egin. "Argazkigintza betidanik gustatu izan zait, eta neure kabuz hasi nintzen ikasten. Tarteka arlo horretan lan bat edo beste egokitu zitzaidan. Gero, Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan hasi nintzen ikasten; hilabete inguruko ikastaroak ziren, eta praktikak ere eskaintzen zituzten. Ondoren, enpresa batean hasi nintzen lanean; hasiera hartan egun solteetarako-eta eskaintzen zizkidaten beste lan batzuk ere egiten nituen, baina azken urteotan enpresa berean nabil lanean", esan du.

Ekoiztetxe batean egiten du lan Urreiztik, Andoainen. Produkzio lan teknikoak egiten dituztela azaldu du kameralariak. "Kamerak, argiak eta soinuak jasotzeko ekipamenduarekin egiten dugu lan. Baina edukiaz ez gara arduratzen; lana enkargatzen digun beste ekoizpen etxe batek prestatzen du edukia; beraiek egiten dituzte gidoiak eta kontratatzen dituzte aktoreak edo aurkezleak. Guk arlo teknikoa lantzen dugu", azaldu du. 

Zazpi urte daramatza jarraian lanean ekoiztetxe horretan. Berez, kameralari lanak egiten ditu Urreiztik, baina, aparte, beste lan batzuk egiten dituela ere kontatu du: "Garabi txikiak ere operatzen ditut. Azken finean, jostailu asko izaten ditugu eskura, eta azkenean, denetik pixka bat egin behar izaten dugu".

Zer saio edo produktu grabatu dituen galdetuta, luze pentsatu behar izan du, ez lan gutxi egin duelako; justu kontrakoagatik, zerrenda amaiezina delako. "Denetik grabatu dut: dokumentaletarako irudiak, mezak, kirolak, elkarrizketak, publizitateko bideoak, udako programa bereziak, telesailak, kontzertuak… Oholtzan ere guk egiten dugu, aspaldi Vaya semanitarako zerbait egin genuen, Go!azenerako ere bai, Itxi liburuak saioa… Gauza pila bat". Gustukoena argiarekin eta irudiekin "mimo pixka bat" eskatzen duten erreportajeak egitea du. Gustuko zer ez duen galdetuta, futbola hitza ateratzen zaio, kirol bezala, baina bereziki futbol partidak eman behar izatea. "Normalean gauza txikiak egiten ditugu; kamera batekin eta argi gutxi batzuekin joaten gara. Baina futbol partida bat emateko unitate mugikorra eraman behar dugu, hamabi bat kamerarekin. Hor kableak bota behar dira, material pila bat deskargatu behar duzu; eguraldi onarekin, txarrarekin, izan eguzkitan edo euripean; galbana handiena horrexek sortzen dit". Solaresera (Kantabria, Espainia) Errege Kopako partida bat ematera joan zirenekoa du gogoan. "Euri zaparradak izan genituen egun osoan. Gainera, bigarren B mailako talde baten futbol zelaia zen, eta ez zegoen kamerak jartzeko prestatuta; partida osoa jasogailu batera igota pasatu nuen, atearen atzean, euritan. Eta gero, bukaeran, dena jaso behar izan genuen, baita biltegian ere: deskargatu, bustita zeuden aparailuak lehortzen utzi... Lan handia izan zen".

Halakoetan 12-13 ordu lan egin ditzaketela kontatu du. "Ordutegi arraroa izaten dugu. Dagoeneko ohitu naiz, baina hori da zailena. Egun batzuetan, erreportaje txiki bat egin behar duzunean, edo informatibo baterako pieza bat, lau ordu lan egin eta etxera buelta zaitezke; beste egun batean, berriz, hamahiru ordu egiten dituzu, eta asteburuetan ere lan egin behar izaten dugu sarritan".

Enkarguen eta beharraren arabera, kamera modu desberdinean erabiltzen du. "Batzuetan sorbalda gainean eraman behar duzu, eta beste batzuetan tripodea behar duzu. Badaude irudia asko zaindu behar duzun uneak, saio berezi batzuetarako, edo, esaterako, Guggenheimek eskatutako bideo batzuetarako. Beste batzuetan, aldiz, pilota partida batean edo meza batean, ez da hain beharrezkoa izaten". 

Pandemiak bere lanean ez du hainbesteko eraginik izan. "Lehen hiru hilabeteetan, leku guztietan bezala, ez zen ezer egon, eta gero, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearekin egon ginen lanaldi erdira. Konfinamenduaren ondorengo lehen lana Izarok Victoria Eugeniako teilatuan eman zuen kontzertua grabatzea izan zen. Gero, Udak dakarrena saioarekin ibili ginen. Aurreko urteetan, udan, batetik bestera ibiltzen ginen; pandemiarekin, berriz, set bat jarri genuen herri batean, eta asteak pasatu genituen bertan. Mugitzen ginen, baina gutxiago, eta lana erosoagoa izan zen. Orain pixka bat beldurtuta gaude udarari begira, ekitaldi pila bat izango da-eta: kontzertu pila bat, festa pila bat… Bi urte egon gara festarik gabe, eta orain dena etorriko da batera". 

Jakitun da ikus-entzunezkoen munduak bilakaera nabarmena izan duela azken hamarkadetan. Telebista kate apur batzuetatik mila eta bat plataforma, webgune, telebista kate edo sare sozialetara pasatu gara urte gutxi batzuetan. "Gero eta ikus-entzunezko eduki gehiago egiten da. Guri berdin digu norako den; izan daiteke telebistarako, Interneterako, edo edozer plataformatarako. Guri inporta zaiguna da edukia izatea". Ikus-entzunezkoetan izandako iraultza horrek ez du asko kezkatzen Urreizti; bere ustetan, lan faltarik ez dute izango, nahiz eta gaur egun denen eskura dagoen teknologiarekin edonork munta dezakeen bideo bat bere egongelan. "Nik uste lana egongo dela, baina beste era batekoa izango da. Interneterako eduki asko egongo da. Adibidez, enpresa askok promoziorako bideoak eskatzen dituzte; edozein enpresa txikik, dendek ere bai, profesionaltasunarekin egindako bideoak enkargatzen dituzte. Gauza bat da edozein youtuber kamera aurrean babokeriak esaten aritzea, baina enpresa batentzat bada, bere jarduera publizitatzeko bada, zerbait hobea eskatzen dute". 

Telebistako atzealdea, tramoia, ezagutzeko parada izan du Urreiztik; pasadizo ugariren lekuko izan da, eta pantailaren bidez ezagunak egiten zaizkigun hainbat pertsona ere ezagutu ditu. Denetik dagoela dio, "jende oso jatorra ere bai. Gu era guztietako jendearekin harremantzen gara. Egun batean, goizean, Guggenheimen zaude New Yorketik etorritako artista bat elkarrizketatzen, eta arratsaldean baserritar batekin zaude. Hori polita da, era guztietako jendea ezagutzen duzulako, baita giro desberdinak eta leku asko ere. Leku guztietan bezala, denetik ezagutzen duzu". 

Argazkigintzan hasi zen kameralari izan aurretik, baina ia denborarik ez diola eskaintzen aitortu du. Eta ikus-entzunezkoei? Proiektu propiorik ba ote du esku artean? "Interesa bai, baina denbora gutxi. Hori bai, gauzak proposatu dizkidatenean, eta proposamena gustatu zaidanean, parte hartu izan dut".