Dúo Cassadóren kontzertuarekin bukatuko da gaur Zumaiako Musika Jaialdia

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 7a, 09:00

Donostiako Musika Jaialdiko emanaldi batekin bukatuko da gaur Zumaiako 38. Musika Jaialdia. 

Musika eta beste kultur diziplina batzuk protagonista izan dira Zumaian azken egunotan Zumaiako 38. Musika Jaialdiari esker. Hasten den guztia bukatu ohi da, eta gaur izango da aurtengo edizioko azken emanaldia. 20:00etan hasita, Dúo Cassadó bikoteak kontzertua eskainiko du San Pedro Parrokian. Donostiako Musika Jaialdiko emanaldia da gaur Zumaian izango dena. 

Damián Martinezek (biolontxeloa) eta Marta Mollek (pianoa) osatzen dute bikote hau. Bere musikaltasun eta sentiberatasun bikainagatik nazioartean txalotua, Cassadó bikoteak publikoa zein kritika espezializatua bereganatzen ditu bere originaltasun eta karismari esker. Damian Martinez, bere belaunaldiko biolontxelo jotzailerik hoberenetakotzat hartua, Mstislav Rostropovitxek onartu eta babestu zuen. Cassadó bikotea Alicia de Larrochak ere gomendatu zuen, ganbera musika espainiarreko bikoterik bikainena bezala.

Zumaiara Hypnotik izeneko emanaldiarekin etorriko dira. Bertan, Johann Sebastian Bachen, Sulkhan Tsintsadzeren, Maurice Ravelen, Ernest Blochen, Philip Glassen eta Arvo Pärten obrak joko dituzte.