Azken txanpan sartu da Zumaiako Musika Jaialdia

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 4a, 11:00
Iker Gonzalez Cobeaga, Zumaiako Musika Jaialdiaren barruan emandako hitzaldian.

Traka Matraka konpainiaren Matraka Culinary Center emanaldia izango da gaur arratsaldean Odietan pilotalekuan.

Azken txanpan sartu da Zumaiako 38. Musika Jaialdia. Gaurtik igandera bitartean izango dira jaialdiko emanaldiak –larunbatean Gala Eguna izango da–.

Musikaren historian zehar bidaia eskaini zuen San Pedro Abesbatzako kide eta konpositore Iker Gonzalez Cobeagak Alondegiko Oxford aretoan. Musika bat zergatik den alaia edo tristea azaldu zien entzuleei, besteak beste.

Umorea eta musika izango dira protagonista gaurko emanaldian. Traka matraka taldeak Matraka Culinary Center izeneko ikuskizuna taularatuko du Odieta frontoian. Sukaldeko hainbat aparailu musika tresna bihurtuko dituzte 19:00etan hasiko den saioan etxeko txikiei zuzendutako ikuskizun honetan.

Bihar, ostirala, dantzak hartuko du lekukoa, Odietan baita ere. 20:00etan hasita dantzako bi lan ikusteko aukera izango da: Neri(h)ariren Iceberg eta Lasalaren Alive. Igandean, berriz, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua izango da San Pedro Parrokian: Duo Cassadók Bach, Glass edota Ravelen obrak joko ditu Hypnotik izeneko emanaldian. 20:00etan hasiko da kontzertu hau ere.