Darahli elkartea hasi da Saharako haurrentzako arropa biltzen

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 4a, 08:00

8 eta 10 urte bitarteko haurrentzako arropa bilduko du Darahli elkarteak. Gaur ere izango da materiala emateko aukera. 

Saharako 8 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako arropa bilketa ari da egiten Darahli elkartea aste honetan. Herenegun, asteartez, egin zuten lehen saioa, eta gaur izango da bigarrena, 20:00etatik 21:00etara bitartean, Saregileen plazan, Alondegi aurrean, jarriko duten mahai batean. 

Honako arropak jasoko ditu Darahlik deialdi honetan: kamisetak, kiroletako galtza motzak, galtza luzeak, kiroletako zapatilak, sandaliak eta txankletak.

Uztailaren amaieran heldu ziren kanpalekuetako haurra Euskal Herrira Oporrak bakean programari esker. Hauetako batzuk harrera familietan hartu dituzte, eta beste batzuk Kuartangoko aterpean ari dira oporrez gozatzen, desertuko bero itogarritik urrun.