Saharako haurrak Kuartangoko aterpetxean hartu dituzte Darahliko kideek

Maria Maya Manterola 2022ko abu. 1a, 12:00
Argazkia: Darahli elkartea.

Darahliko begiraleek zainduko dituzte haur horiek, uda sasoia igarotzeko familiarik aurkitu ez dutelako. Arropa ere bilduko du elkarteak bihar eta ostegunean, Oxford aretoaren parean jarriko duten mahaian. 

Arabako Kuartango herriko aterpetxean dira egunotan Darahliko hainbat kide, Saharako haurrekin. Oporrak bakean programari esker bidaiatu dute Euskal Herrira haur horiek, baina uda sasoia igarotzeko ez dute familiarik aurkitu. 

Haientzako arropa ere bilduko du Darahlik aste honetan. Bihar eta ostegunean Oxford aretoaren aurrean jarriko dute mahaia 20:00etatik 21:00etara, eta 8-10 urte arteko haurrentzako kamisetak, kiroletako galtza motzak, galtza luzeak, kirol zapatilak, sandaliak zein txankletak eramateko eskatu dute. Diruz lagundu nahi dutenek ere izango dute aukera, Bizum bitartez 605 701 463 telefono zenbakira ekarpena eginda edo Darahlik Laboral Kutxan edo Kutxabank banketxeetan dauzkan kontuetan dirua sartuta.