Brontzezko domina eskuratu du Irati Osak Europako txapelketan

Maria Maya Manterola 2022ko abu. 1a, 11:00

Atzo izan zuen lasterketa Danimarkako Silkeborg hirian Arantza Toledorekin batera, K2an. Brontzezko domina poltsikoratzeaz gain, mundu mailako txapelketarako sailkapena ziurtatu du.

Beste garaipen bat poltsikoratu du Irati Osa piraguista zumaiarrak nazioartean. Atzo, igandea, jokatu zen Danimarkako Silkeborg hirian Europako txapelketa, eta K2an Arantza Toledorekin 27 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, hirugarren helmugaratu zen bikotea. Brontzezko dominarekin itzuliko da Osa Zumaiara, eta mundu mailako txapelketarako sailkapena ziurtatuta. Portugalen jokatuko da, irailean. 

Lasterketaren erdialdera arte suediarrekin, hungariarrekin eta frantziarrekin lehia estua izan zuten Osak eta Toledok. "Bagenekien lau horietatik bat dominarik gabe geratuko zela; lasterketa gogorra izan zen", azaldu du zumaiarrak. Lau minuturen faltan estropadaren buruan ziren, baina azken esprintean ezin izan zituzten Melina Andersson eta Johanna Johansson suediarrak eta Renata Csay eta Zsofia Czellai hungariarrak garaitu. 

Lehenbizikoz Osa K2aren aurrean aritu da. "Lehen alderantziz egiten genuen, baina konturatu gara horrela koordinazio gehiago dugula", esan du Osak. "Oso gustora" aritu direla ere gaineratu du, eta "orain arte egindako lanak bere fruituak eman dituela" ere bai.