Asteartean zabalduko dute Aita Mari, besaulkiak eta zorua berritzeko lanak amaituta

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 31a, 13:30

Mozarten Flauta Magikoa opera proiekziorako zabalduko dute areto berritua, etzi, asteartean. Besaulkiak eta lurra berritzeaz gain, teilatuko egituran esku-hartzeak, suteen aurkako babesgarrien ezarpena eta eraikinaren mantenu lan orokorrak ere egin dizkiote.

Ekainaren erdialdetik itxita egon da Aita Mariko zine aretoa, berritze lanak tarteko. Sei astez, lurra aldatu eta besaulki berriak jarri, eta eraikina hobetzeko lanak egin ditu udalak. Asteartean zabalduko dute, eta Zumaiako 38. Musika Jaialdiaren barruan antolatutako Mozarten Flauta Magikoa opera proiekzioa hartuko du aretoak. 

"Kultur eskaintzaren eta askotariko ekitaldien bilgunea" da antzokia udalaren ustez, eta gune erreferentziala izanik, azpiegituraren egoera hobetu nahi izan dute, "herritarrei zerbitzu hobea emateko". Aurrerantzean 246 besaulki berri izango ditu Aita Mariko zine aretoak. Gainera, besaulkien antolamendua araudiak ezartzen duen neurrira egokitu dute, suteen kontrako araudia eta irisgarritasunari lotutakoa betez. Kopurua gutxituko bada ere, "erabiltzaileen segurtasuna eta aretoaren erosotasuna" hobetuko dira. Jarri dituzten besaulkietatik 224 ohikoak izango dira, hamalau anbulazio erakoak, sei gurpildun aulki jartzeko eremua egokitu da eta zortzi besaulki desmuntagarri ezarri dituzte. 

Besaulkiak kenduko direla eta, aukera baliatu dute zorua ere aldatzeko, eraginkortasun energetikoa hobetu, eta, bide batez, lurra isolatzeko. Guztira, 100.000 euroko aurrekontua erabiliko du udalak lan horiek guztiak gauzatzeko.

Bestelako lan txikiak ere egin dituzte: teilatuko egituran esku-hartzeak, suteen aurkako babesgarriak jarri eta eraikinaren mantenu lan orokorrak, besteak beste. 2021eko irailean eraikinaren egoera hobetzeko lanei jarraipena eman die hala udalak. Izan ere, iaz instalazio elektrikoa, suteen aurkako instalazioa, eta eraikinaren ebakuazio-plana hobetzeko lanak egin zituen, bigarren sarrera bat eta aretoan ate berri bat jartzeaz gain.  

Flauta Magikoa proiekziorako sarrerak, salgai

Aita Mari antzoki berrituak hartuko duen lehen ekitaldia Mozarten Flauta Magikoa opera proiekzioa izango da asteartean, 20:00etan. Zumaiako 38. Musika Jaialdiaren barruan antolatu dute emanaldia, eta jakinarazi dute sarrerak Aita Marin bertan eskuratu ahal izango direla emanaldia hasi aurretik, 5 euroan. 

Sarrerak Internetez ere bai

Itxuraldaketaz gain, berrikuntzekin dator irekiera. Izan ere, Aita Mari antzokiko ekitaldietako sarrerak Internet bidez erosi ahal izango dira aurki. Atari digitalak ekitaldiei buruzko informazioa ere bilduko du, gainera.