"Kantina edukiko ez bagenu ere ez ginatekeen hondartzan etzanda egongo"

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 29a, 18:00
Argazkia: Onintza Lete Arrieta.

Aurten 23. urtez hartu dute Itzurun hondartzako Enbata kantinaren ardura Belen Imaz eta Jurdan Grijalba zarauztarrek. Maiatzaren hondarretik, egunero ari dira irekitzen taberna. Ekaineko Baleike aldizkarirako egindako elkarrizketa da honakoa.

Nolakoa aurreikusten duzue aurtengo uda?

Jurdan Grijalba: Hori uda amaitzean esango dizugu, bai nola joan den uda, bai zenbat jende eta nongoa etorri den. Hemen, hamabost egun ona egin edo txarra egin, sekulako aldea da. Abuztuko hamabostaldi bat ona tokatzen bada, gau eta egun lanean ari zara. 

Belen Imaz: Bai, beti esaten dugu udako balorazioa udaren amaiera-amaierara arte ezin dela egin, batez ere eguraldiagatik. Gainera, beti izaten dira ezustekoak. Pandemia ondorengo aurreneko uda da, eta zer gertatuko da? Besteetan baino turista gehiago etorriko al dira?...

Hainbeste urtean aldatuko ziren kontuak...

J.G.: Asko, bai. Batetik, geure lana, lehen bi hondartza eta hamaka eta toldo zerbitzua kudeatzen genituelako. Alde horretatik, orain eramangarriagoa da. Bestalde, bezeroak ere aldatu dira: lehen lan gehiago egiten genuen Urola aldeko jendearekin; gaur egun, kanpotarrarekin lehengo aldean asko egiten da. 

B.I.: Gizartea aldatzen doan heinean hemengo ohiturak ere aldatzen joan dira: hondartzara etortzeko era, jateko era, eguna eta gaua aprobetxatzeko era, dena. Esaterako, orain zerbait azkar jan nahi du jendeak, bokata edo hanburgesa bat, eta hondartzan jarraitu edo etxera joan. Aurreneko urteetan, berriz, aurreneko platera, bigarrena, postrea, kafea eta kopa behar izaten zuten. Nafarrak ziren onenak; patxaranik gabe ez ziren konformatzen. 

Oso gazte hasi zineten kantina kudeatzen.

B.I.: Bai, bi bikote ginen, denok oso biziak, gazte-gaztetatik lanean hasitakoak eta ordurako Zarauzko tabernetan edo hondartzako kantinetan lan egindakoak. Zumaiako kantinaren aukera atera zen, eta neuk ez nuen Itzurungo hondartza ezagutu ere egiten, baina hala suertatu zen, eta... Oraindik ez dakigu nola pasatu diren 23 urte hain azkar...

Seinale ona izango da hori, ezta? 

B.I.: Seinale ona da, bai, betetzen gaituen erronka delako. Kantina edukiko ez bagenu ere ez ginatekeen hondartzan etzanda egongo; ez gara geldirik egotekoak. Bestetik, ni irakaslea naiz eta nire oporrak hemen igarotzen ditut, eta Jurdan autonomoa da, eta horrek ahalbidetzen digu bi lanak bateratzea. 

J.G.: Hau osagarri gisa hartu dugu beti, hemen uda txar bat tokatzen bazaizu agian ez duzulako irabaziko bizitzeko lain. 

B.I.: Horrez gain, toki honek engantxatu egin gaitu. Hondartza honek xarma ikaragarria dauka, eta herriak ere bai. Zarauztarrak gara, baina Zumaiako herria guretzat oso kutuna da, eta pentsatu nahi dugu zumaiarren artean ere badugula gure tokitxoa. Eta beste gauza bat: Enbata izena jarri genion kantinari Zarauzko Arraun Klubak traineruari Enbata izena jarri aurretik! Hori argi gelditu dadila!

Bitxikeriak mila izango dituzue kontatzeko, ezta?

B.I.: Bai. Zerua urdin-urdina zegoen batean, 14:00ak aldera, bat-batean ekaitza sartu zen. Euri zaparrada erdian jendea hasi zen alde egiten, baina Nafarroako familia bat, mahai luze-luze batean terrazaren amaiera-amaieran, hantxe gelditu zen. Ez zutela alde egingo jan arte. Eguzkitako pila batekin ahal bezala tapatu genituen, baina platerera ur tantak erortzen zitzaizkiela bazkaldu zuten. Nik eta beste zerbitzari batek platerak hartu eta aterpetik esaten genuen: bat, bi eta hiru, eta platerak korrika eramaten genizkien. Esan ziguten bizitzako bazkari onena izan zela, kar-kar.

J.G.: Beste behin, hippie batzuk etorri ziren furgoneta erraldoi batean 02:00etan, eta beraien artean haserretu edo egin ziren, gero guk ere esan genien ezin zutela hor egon, eta halako batean, furgonetako giltzak itsasora bota zituzten. Udako hiru egun eguzkitsutan egon zen furgoneta erraldoi hura hemen erdian, ez atzera, ez aurrera.