Banatu dituzte Zumaiako XXXIV. Argazki Lehiaketako sariak

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 29a, 14:30

Atzo banatu zituzten Distirak antolatzen duen lehiaketako sariak. Gorka Elarrek jaso zuen lehen saria, Exiliados lanagatik. Zumaiar onenarena, berriz, David de Llodiori eman zioten, Quien está ahí? argazkiarengatik. Sariketako argazki onenak ikusgai daude Alondegiko Oxford aretoan. 

Joxe Juan Azkueren oroimenezko zuri beltzezko argazki lehiaketaren sariak banatu zituen atzo Distira elkarteak Alondegiko Oxford aretoan.

Gorka Elarre argazkilariari eman zioten Zumaiako XXXIV. Argazki Lehiaketako lehen saria, Exiliados lanarengati. Hala erabaki zuen Iñaki Larrea Lastrilla, Arbil Iciar Manterola eta Amadeo Urdiain Navas argazkilariek osatutako epaimahaiak. Bigarren saria Narciso Vila Vilellari eman zioten Forques i foc lanarengatik, eta hirugarrena Mario Pereda Bergari Patrones argazkiarengatik. Sari banaketan egon ez baziren ere, egindako lana txalotu zuten bertaratutakoek. Zumaiar onenaren saria, berriz, David de Llodiok jaso zuen Quien está ahí? argazkiarengatik.

114 argazkilarik hartu dute parte Distira Argazki Elkarteak Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatutako edizio honetan. Guztira, 454 argazki jaso dituzte, eta galbahetik pasatu behar izan dituzte atzo zabaldu zen erakusketarako lanak aukeratzeko. Izan ere, lan horiek bertatik bertara ikusteko aukera izango da Oxford aretoan abuztuaren 10a bitarte. Egunero zabalduko dute aretoa, 18:30etik 20:30era.