Leok’k, etorkizunera begira

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 29a, 10:30
Argazkia: Luis Llavori

Bizirik hala ere izeneko diskoa plazaratu du Leok’k seikoteak. Sei abesti berriz osatutako diskoa, datorren asteburuan aurkeztuko dute kontzertuan, 5ean Zestoan eta 6an Zarautzen.

Historia luzea duen taldea da Leok’k, baina, aldi berean, gaztea dela ere esan daiteke. 1960ko hamarkadaren amaieran sortu zuten Zestoan, baina formazio berriarekin lauzpabost urte doa lanean, 2018. urtetik, hain zuzen. Beteranoa bezain gaztea, nostalgian sinesten ez duen taldea da Leok’k. Horren erakusle da plazaratu berri duen diskoa: sei abesti berriz osatutako Bizirik hala ere. Diskoa zuzenean aurkeztuko du taldeak datorren asteburuan: abuztuaren 5ean Zestoan eta 6an, Zarautzen.

"Taldea Zestoan sortu zela, euskaraz abesten zuen lehen taldea izan zela... Horrek guztiak berdin dio; hori iragana da, eta aurrera begiratu behar da", dio Luis Llavori zumaiarrakk, Leok’k taldeko gitarrista eta abeslariak. Juan Antonio Kortadik (gitarra), Gotzon Lizasok (sintetizadoreak, pianoa eta ahotsa), David Gorospek (bateria eta perkusioa), Jesus Aranberrik (hammond eta piano elektrikoa) eta Alfonso Guillók (baxua eta ahotsa) osatzen dute gaur egun Leok’k taldea, eta Bizirik hala ere formazio honek ateratzen duen laugarren diskoa da. "Bosgarren disko bat ere atera genuen, bertsioena, baina bahitu egin ziguten", dio Llavorik.

Bertsioak alde batera utzi –baimenak lortzea oso zaila dela dio abeslariak– eta taldekideek beraiek konposatutako abestiez osatzen da taldearen disko berria. "Abesti gehienek pop rock ukitua dute, baina bada country aldera egiten duen bat ere". Pandemia garaian konposatzen hasitako abestiak, gero denen artean osatu dituztela nabarmendu Llavorik. Abeslariak etxean duen estudioan grabatu dituzte instrumentuak, bateria izan ezik, eta gero Eñaut Gaztañagaren esku utzi dute hark nahastu eta masterizatu dezan. "Lan oso ona egin du, eta oso soinu ona du diskoak".

Diskoa irailaren 1etik aurrera izango da entzungai plataforma digitaletan, baina CD formatuan erosteko aukera ere izango da Zestoako eta Zarauzko kontzertuetan, baita posta elektroniko bidez, lfllavori@gmail.com helbidera idatzita ere.  

Asmoa orain ahalik eta zuzeneko gehien ematea da, baina jakitun dira kontzertuen panorama ez dela erraza. Abesti berriekin lanean ari direla ere azaldu du Llavorik. "Datorren urtean landuko ditugu eta asmoa da 2024rako disko berria ateratzea". Esan bezala, nostalgiak ez du lekurik Leok’k taldean.