Sei finantza entitatek euskararen erabilera areagotzeko pausoak emango dituzte Euskaraldian

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 28a, 15:00

"Euskaraz lasai aritzeko espazioak" sortzeko konpromisoa berretsi dute Bankoa-ABANCA, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa finantza erakundeek Bilbon egindako agerraldian. Era guztietako entitateak Euskaraldira batzen ari direla ere azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. 

Euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko pausoak emateko konpromisoan berretsi dira Bankoa-ABANCA, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa finantza erakundeak. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ahalik eta bulego gehienetan ariguneak sortuko dituztela aipatu dute, Euskaraldiko koordinatzailearekin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin Bilbon egindako agerraldian. 

Entitate horietako bezero eta langileen artean euskaraz aritzeko dituzten planak ikusgarriago egin nahi dituzte Euskaraldiaren bitartez. Era berean, ekimenaren antolatzaileek era guztietako entitateak gonbidatu dituzte Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartu eta ariguneak sortzera. Aipatu dute hizkuntza ohiturak aldatzera bidean euskara erabiltzeko gune erosoak sortzea oso garrantzitsua dela, eta gune horien sorreran erakunde, enpresa, elkarte zein era guztietako eragileek ekarpena egin dezaketela. 

Erronka txikien batura

Hirugarren edizioan ere euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohiturak aldatzea izango da helburua, eta horretarako, parte hartzaileek beren buruei erronka konkretuak jar diezaizkietela proposatu dute, "erronka horien guztien baturatik gizartean aldaketa eragiteko". 

Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijoren hitzetan, oso garrantzitsua da hain presentzia zabala duten erakundeek erronka konkretu horiek zehaztea: "Finantza erakundeetan zein bestelako entitateetan euskararen erabilerarako gune erosoak sortu, zabaldu eta ikusgarri egitea, euskarari eta euskaldunoi ateak zabaltzea da. Izan ere, Euskaraldian jaso ditugun bizipen eta testigantzek baieztatzen duten modura, gure egunerokoan erabiltzen ditugun zerbitzuetan euskaraz lasai eta eroso aritzeko espazioak eskaintzen zaizkigunean, euskararen erabilera areagotu egiten da".

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, bere aldetik, Euskaraldiarekin bat egiteko arrazoiez aritu da. Aipatu du "eragin esparru handia" dutela finantza entitateek, herritarrekin harreman zuzena dutelako. Gainera, Zupiriaren ustez, ariguneak bisualizatzen lagundu dezakete, eta amaitzeko, euskararen erabileraren sustapenari dagokionez, hiriguneetan rol garrantzitsu bat bete dezakete. 

Nuria Agirre Laboral Kutxako ordezkariak aipatu du aurreko bi edizioetan ere parte hartu zutela, eta aurtengoan, bi erronka nagusi jarri dizkiotela erakundeari: lankide gehiagok parte hartzea, batetik; eta Euskaraldiaren ariketa entrenamendua izatea, bestetik, "etorkizunean egin beharko denerako proba", abenduaren 3tik aurrera ere egindako ahaleginari etekina ateratzeko. 

Bankoa-ABANCAko Euskara koordinatzaile Ana Urkiza ere ildo beretik aritu da. Aurreo edizioetan Euskaraldiak erakundeari emandako onurez aritu da, eta "naturaltasuna eta onarpena" aipatu ditu. Edizio berrira begira, erronka ahalik eta bulego gehienak arigune gisa identifikatzea izango da.  

"Ariketa honek esperimentaziorako aterki edo babesgune bat eman digu, eta aukera eman digu ikusteko lana euskaraz ere egin ahal izateko gainditu beharreko zailtasunak zeintzuk diren, bai norberak, eta baita erakundeak berak ere.  Erakundeari dagokionez, euskararen ahozko ezagutza kudeatzetik erabilera kudeatzerako urratsa ematen hasteko markoa erraztu digu", egin du azpimarra, bestalde, Kutxabankeko ordezkari Jaione Lamyk. 

Iratxe Sainz Arenzana, Nafarroako Rural Kutxako Bizkaia eta Arabako erakunde saileko arduradunaren arabera, azken euskaraldiak "jarrera aldaketa" eragin zuen beren erakunean. Ohitura horiek egunerokotasunean finkatzeko xedea dute aurtengoan. 

CaixaBankeko Igor Goienetxeren ustez, "euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa" lortu nahi dute, eta horregatik parte hartu zuten lehen edizioan, 2018. urtekoan. Oraingoan ere langileen eta bezeroen hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa berretsi du. 

Azkenik, Ana Teresa Bengoa BBVAko kideak aipatu du funtsezkoa dela euskal gizartearekiko inplikazioa, eta "beren babesa" azaltzen dutela ere gaineratu du. Euskarari bultzada ematea beren konpromisoetako bat dela nabarmendu, eta "gizarte integratzaileago bati ekarpena egiteko" asmoa azaldu du Bengoak. 

'Hitzez ekiteko garaia'

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Maiatzaren 18az geroztik zabalik dago epea entitateek izena eman dezaten. Antolatzaileen hitzetan, aurreko edizioetako parte hartzaileak ez ezik, entitate berriak ari dira batzen. Webgune honetan eman edo berretsi dezakete izen-ematea erakundeek. Norbanakoek, berriz, irailaren 28tik aurrera izango dute ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko aukera.