Abuztuaren 14an egingo dira Anade elkartearen arrantza lehiaketak

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 27a, 13:30
Argazkia: Javi Salva

Azken ia mende erdian egin duen bezala, Anade elkarteak Arrain txiki eta Kabra eta dontzeilen arrantza lehiaketak antolatu ditu. Aurten berrikuntza bezala, bi lehiaketak egun berean egingo dira, abuztuaren 14an, hain zuzen. 

Goizean goiz, egunsentiarekin, abiatuko dira XLVII. Kabra eta Dontzeilak arrantza lehiaketan arituko diren ontziak Zumaiako portutik, eta 12:30erako portuan egon beharko dute Kofradiako estalapean egingo den pisaketarako. Irteera neutralizatua izango dela azaldu du antolakuntzak, itsasoan erabakitako puntu jakin batera arte. Arrantza eremua, Zumaiako barratik aterata, Aitzuri pareraino izango da ezkerretara, eta San Anton mendiraino eskuin aldera begiratuta. Itsasertzeko urruntzeko mugarik ez dagoela gaineratu du Anadek. 

Lehiaketa honetan sei eta zortzi ontzi artean arituko dira, eta ontzi bakoitzean, gehienez, bi lagun joango dira. Arrantzaleek Itsasoko Arrantzarako Lizentzia eguneratuta eraman beharko dute.

Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten arrantzaleek abuztuaren 11n eta 12an izango dute izena emateko aukera Anade elkartearen egoitzan, Upela plazan. Arratsaldez hartuko dira izenak, 19:30etik 20:30era bitartean.

Haurren lehiaketa

Egun berean, abuztuaren 14an egingo da haur eta gaztetxoei zuzendutako Arrain Txiki arrantza lehiaketak. Aurtengoarekin 48. edizioa beteko du jarduera honek. Zumaiako barran egingo dute arrantza, Talaipe pareko hesitik muturrera arte. Ordutegia 10:30etik 13:30era bitartekoa izango da. 

Federazioak emandako lizentzia duten haurrek bakarrik izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera. Arrantza modalitatea jaurtiketakoa izango da, heriotzik gabe. Izenak Kofradiako aterpean jarriko den mahaian emango dira egunean bertan. Izena eman ondoren partaide bakoitza bere arrantza gunera joango da. Sari banaketa Kofradian bertan emango da.