Udako oporrak bailarako herrietan igarotzeko aukera izango dute Saharako zortzi haurrek

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 24a, 10:31

Oporrak bakean ekimenari esker, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuko zortzi haurrek datozen asteak Urola bailarako herrietan pasatuko dituzte. 

Pandemiak behartutako etenaldiaren ondoren bueltan da Oporrak bakean ekimena. Honi esker, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetako haur sahararrek udako aste batzuk Euskal Herrian pasatzeko aukera izango dute. 

Goizean goiz heldu ziren atzo zenbait haur Loiuko aireportura. Handik Loiuko frontoira eraman zituzten gosaria emateko. Ondoren, harrera-familietan banatu zituzten. Bart gaua jada familiekin igaro dituzte haur hauek. 

Zumaiako Darahli elkarteak zortzi umeen etorrera bideratu du, bailarako familien artean banatu dituzte: bat Azkoitian, hiru Azpeitian, bi Zestoan eta bi Zumaian. 

Bailaran izango diren ume guztientzako lehen aldia izango da aurtengoa. Darahlik azaldu duenez, haur hauek zortzi urte inguru dituzte eta abuztuaren bukaerara arte izango dira gure artean. Desertuaren erdian kokatuta dauden errefuxiaten kanpalekuetan duten bero itogarritik salbu egongo dira hilabetez. Horrekin batera, medikuarenera joan eta elikadura osasuntsuaz gozatzeko aukera ere izango dute.