Rockaren berotasuna Torreberri Gaztetxean

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 23a, 12:27

Karter, Megalopolis eta Pig&Kiss taldeen kontzertuak izan ziren ostiral gauean Torreberri Gaztetxean. 

Makina bat izerdi bota zuten ostiral gauean Torreberri Gaztetxera hurreratu zirenek, bai agertokira igotako hiru taldeek erakutsitako jarreragatik, baita aretoan egiten zuen beroagatik. Rocka izan zen protagonista gaztetxeak hartutako rock gauean; estilo desberdinetakoa, baina rocka oro har.

Pig&Kiss talde zarauztarrari egokitu zitzaion gauari hasiera ematea. 1970eko hamarkadako eragin garbia duten abestiek osatzen dute talde honen errezeta, eta segurtasun handiarekin defendatu zuten zuzenekoan.

Berlinetik etorritako Megalopolis taldearen txanda izan zen jarraian. Power popetik punkera mugitzen da boskote hau. Itoiz taldearen Berandu da abestiaren bertsioa ere jo zuten. Kontzertuak ustegabeko etenaldia izan zuen argia joan zelako, baina horrek ez zuen baretu taldekideen gogoa.

Karter laukote zumaiarrak eman zion amaiera ostiral gaueko kontzertu sortari. Pandemia hasi zenetik taula gainera igo gabeak zeuden. Oraindik eta gogo handiagoarekin ekin zioten lanari, eta kontzertu indartsua eskaini zuen. Mikel Larrañaga gitarrista berriak taldearekin jotzen zuen emanaldia ere izan zen atzokoa. Orain hilabete batzuk grabatutako Exhivicio diskoko abestiak entzuteko aukera izan zen gaztetxean.