Telmo Irureta: “Interesgarria litzateke minusbaliotasuna aipatzen ez duten istorioak edukitzea gure pertsonaiek”

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 23a, 09:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Hitz egin dezagun sexuaz. Baina hitz egin dezagun gurpil aulki batean eserita eta gorputzeko atalak mugitzeko aukerarik gabe. Hausnartu gabeziez eta karentziez, baina baita premiez eta eskubideez ere. Minusbaliotasuneko tabuak hautsi eta ikusgarri bihurtu. Horrela aurkezten dio Telmo Iruretak (Zumaia, 1980) publikoari Sexberdinak antzezlana, Aitziber Garmendia bidelagun duela. Ekaineko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Komediatik badu, eta tragediatik ere bai, eta bizitza bera bezain gordina da. Horrexegatik edukitzen ari da harrera ona taularatzen ari diren toki guztietan, eta hitzorduak nonahi sortzen ari zaizkie; Aita Mari aretoan ekainaren 10ean eskainiko dute, 20:00etan.

Udaberria maitasunaren urtaroa da. Maiteminduta al zaude?
Hori polita da, baina ni oraindik ez nago maiteminduta.

Eta antzerkiaz?
Hori bai! Antzerkiaren magiaz maitemindu nintzen, bai.

Noiz sentitu zenuen fletxazoa?
Antzerki eskolan izan zela esango nuke. Betidanik gustatu izan zait interpretazioaren mundua, baina antzerki eskolan konturatu nintzen benetan zer interesantea den teatro giroa. 2012an hasi nintzen eskolan eta 2015ean bukatu nuen, eta harrezkero antzerti munduan nabil buru-belarri.

Esaten dute maitasuna eta sexua ez direla gauza berdinak.
Ez, ez dira.

Sexberdinak al dira?
Antzezlanean esaten dugu sexu ez dela beti maitasuna, baina maitasuna badela sexua. Esaldi nahasgarria dirudi, baina ideiak oso garbi ditut.

Tabuak hautsi nahi izan dituzue proiektu honekin. Izan ere, minusbaliotasun bat duzuenok badirudi gizartearentzat ez duzuela sexurik, ezta sexu harremanekin ere. Haur txikiak bagina bezala ikusten gaituzte edo aingerutxoak bezala. Gure ezgaitasunetara mugatzen gaituzte, eta ez dira konturatzen gaitasunak ere baditugula.

Antzezlan hau Geuretik sortuak egitasmoaren barruan sortu zen. Aspalditik al zeneukan ideia buruan?
Egia esan, bai. Mireia Gabilondo zuzendariarekin beste lan bat egin nuen 2017an, Strip-tease izenekoa, eta gaiarekin bazeukan lotura zuzena. Bertan, estereotipoei, biluzteari eta desioei buruz hitz egiten zen, eta oso gauza intimoa egin genuen minusbaliotasunaren gaia jorratuz. Hori horrela, beste zerbait egiteko gogoz geratu ginen, eta hortik tiraka sortu da Sexberdinak, Kepa Errastirekin batera idatzi dudana.

Zaila izan al da biluztea?
Ez, niri ez zait zaila egin. Gainera, niretzat pixka bat terapeutikoa izan da. Nire gauzak kontatuta ez dira jada nire barruan geratzen direnak, baizik erakusten duzun zerbait da, edota ikasteko... Izan ere, publikoaren erreakzioekin ere asko ikasten da.

Minusbaliotasun bat duzuenok badirudi gizartearentzat ez duzuela sexurik, ezta sexu harremanekin ere. Haur txikiak bagina bezala ikusten gaituzte edo aingerutxoak bezala.

Agertoki gainera igo, zure errealitatea kontatu eta tabu horiek azaleratu dituzunean, publikoaren aurpegia nolakoa izaten da?
Barre egiten dute, eta negar pixka bat ere bai. Komediatik badauka, baina baita puntu dramatikoa ere. Gustuko dut publiko aurrean biluzten naizelako, baina, era berean, lasai nago, zeren taula gainera igotzen dena ni izateaz gain, pertsonaia ere bada. Beraz, inork ez daki zer puntutaraino naizen ni eta zer puntutaraino den pertsonaia eszenatokian hitz egiten ari dena.

Beraz, autofikziotik ere badu antzezlanak.
Hori da. Kontatzen diren gauzak batzuk nireak dira, gauza asko. Antzezlaneko pertsonaiak eta nik antza handia dugu, baina ez naiz ni. Orduan, hara! Tranpatxo bat egiteko lizentzia hartzen dut nahi dudana kontatzeko.

Nolanahi ere, zu zeu ere bazara txantxazalea eta zirikatzailea, ezta?
Beti izan naiz horrelakoa. Jendeak badaki nolakoa naizen. Ni pixka bat ezagututa segituan dakizu hori.

Terapeutikoa izan da zuretzat. Terapeutikoa izan al daiteke zure egoera berean dagoen jendearentzat? Etorri al zaizu norbait eskerrak ematera?
Bai, etorri zait eskerrak ematera nire egoera antzekoan dagoen jendea, baita minusbaliotasuna kanpotik bizi dutenak ere. Mutil batek esan zidan bazela garaia gure sexualitateari, eskubideei eta egoerari buruz hitz egitekoa. Antzezlan honek zerbaitetarako balio baldin badu, ni oso pozik!

Antzezlanak harrera oso ona izan du. Espero al zenuen halako oihartzunik izatea?
Aurreikusten nuen, bai. Proiektua bukatu genuenerako, 25 emanaldi lotuta genituen, eta hori sekulako zortea zen, are gehiago pandemia ondoren. Gainera, berezitasun moduan, publikoa gurpil aulkietan eserrarazten dugu ni bezala, apur bat nire egoerara gerturatzeko.

Eta sexualitateaz hitz egiten hasten zara...
Baita maitasunaz ere.

Zaila da maitasun harreman bat aurrera eramatea zuk bezalako egoera batean dagoen pertsona batentzat?
Zaila da, baina ez gaitasun ezagatik, baizik besteen beldurrengatik edo aurreiritziengatik. Jendea ez dago prest ni bezalako norbaitekin egoteko. Hori aldatzeko, ea pixkanaka-pixkanaka zerbait egiten dugun. Behintzat, antzezlanak irauten duen denbora horretan ikusleari hausnartzeko balio badio, primeran!

Aktore moduan ere handicap-a litzateke gurpildun aulkian interpretatzea. Hori muga bat da paperak lortzeko garaian, ezta?
Zailagoa da, noski. Beti zarena zarelako izango duzu zailtasunen bat: emakumezko pertsonaiak gutxiago daude gizonezkoenak baino, adibidez, baina minusbaliotasuna duen pertsonaiak are gutxiago dira emakumeenak baino. Bakoitzak du bere zailtasuna. Nolanahi ere, iruditzen zait interesantea dela minusbaliotasuna erakustea errealitatean bezalaxe. Hain zuzen ere, egunerokoan gurpil aulkian dabil jendea, eta telebistan edo antzerkian gutxitan ikusi dut nik. Hori islatzea inportantea dela uste dut. Orain defendatu behar dugu minus pertsonaia gehiago.

Horri lotuta, pelikula potolo batean hartu duzu parte: La consagracion de la primavera. Nola sortu zen udaberri hori?
Hautaprobara aurkeztu nintzen Madrilen, garun paralisia zuen pertsonaia baterako aktore bat behar zutelako. Ahal zuen izan garun paralisia zuen aktore bat, edo gu bezala gaudenon itxurak egin zezakeen aktore bat. Nik uste dut ongi egon zela guri ere aukera ematea, paper hori gurekin bat datorrelako, eta azkenean hartu egin ninduten.

Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso aberatsa. Emma Suarezen semearena egin dut, eta oso ondo egon da. Valeria Sorolla aktorea da protagonista nagusia, oso jatorra bera, eta Fernando Franco zuzendariarekin ere pozik aritu naiz. Honako hau nire lehen film luzea da. Orain arte antzerkia landu dut, telebistan aritu naiz eta film laburretan hartu dut parte, baina La consagracion de la primavera da nire estreinako pelikula. Beti gogoratuko dut hori.

Ba al dakizu noiz estreinatuko duten?
Oraindik ez, baina laster izango dela uste dut, urte bukaera baino lehen. Udazken aldera izango dela pentsatzen dut.

Uste duzu film honek ateak zabaldu ahal dizkizula?
Espero dut baietz! Espero dut, behintzat, aterik ez ixtea.

Euskal Herriko mugaz kanpo, Espainian ezagutzera emateko erakusleiho ona izango da, nahiz eta aurretik La que se avecina telesailean ere agertu zinen.
Tira, kapitulu bakar batean agertu nintzen, baina nola ehun aldiz errepikatu duten, ematen du La que se avecina telesailean nagoela egunero. Egia esan, ni gustura nabil antzezten, eta berdin dit Euskal Herrian edo Euskal Herritik kanpo aritzea, lana dagoen bitartean. Euskal Herritik kanpo ezagutzen baldin banaute, aukera gehiago sor daitezke.

Aktore ez ezik, sortzaile ere bazara. Zuzendari edo gidoilari gisa proiekturik baduzu buruan?
Zuzendari izatea lan handia da, erantzukizun gehiegi eskatzen baitu. Azkenaldian, gogo gehiago dut besteek niri esan diezadaten zer egin behar dudan edo nola antzeztu behar dudan, baina gauzak erabakitzea oso nekagarria da. Momentu honetan erosoago sentitzen naiz aktore lanetan. Gero ez dakit zer gertatuko den, bizitza oso interesantea bezain aldakorra baita. Oraingo Telmo ez baita duela bost urteko Telmo bezalakoa. Aldatu egin naiz.

Nolakoa zara, bada, orain?
Ez dakit, baina sexberdina! (barreak)

Zalantzarik gabe, gustura probatuko nituzke gauza berriak, adibidez, beldurrezko istorioren batean gaizto papera egin edo oso dramatikoa den kontakizunen bat.

Ausartagoa, akaso?
Ezberdina, eta pixka bat jakintsuagoa. Ez jakintsua, oraindik asko dudalako ikasteko, baina denboraren poderioz eskarmentu gehiago duzu, bizitako esperientziengatik eta izandako disgustuengatik. Horregatik diot batzuetan irabazi egiten dela, eta bestetan ikasi.

Noraino iritsi nahiko zenuke?
Noraino? Ez dakit… Ahal den lekuraino.

Aktore bezala, beste genero batzuk landu nahiko zenituzke, esaterako, musikal bat?
Biziki gustatuko litzaidake, baina ez dut ongi abesten. Ezinezkoa zait. Musikal baterako hautaproba batean zera esango lukete: Hurrengoa! (barreak) Zalantzarik gabe, gustura probatuko nituzke gauza berriak, adibidez, beldurrezko istorioren batean gaizto papera egin edo oso dramatikoa den kontakizunen bat.

Etiketatuta bezala ikusten al duzu zeure burua?
Ez dut uste denborarik eduki dudanik etiketatzeko, oraindik goiz da horretarako.

Baina telebistan ikusi zaitugunean, Barre Librea saioan, kasu, edo bakarrizketetan, nabarmena da zure umore ironiko eta ganberro hori.
Nire pertsonaia faboritoak edo niretzat erosoenak direnak zirikatzaile hutsak dira. Umorea ironiarekin egitea gustatzen zait, pixka bat xaxatzeko. Baina baita inteligenteak ere. Adibidez, askotan nire egoera fisikoan egonda, jende askok uste du burua ere ondo-ondo ez daukadala, eta nahi gabe infantilizatu bezala egiten gaituzte. Horri dagokionez, badago antzezteko paper mota bat agian ez nukeena onartuko. Oraindik ez didate eskaini, baina pertsonaia oso tonto bat antzeztea ez zait komeni. Gurpil aulkian dauden pertsonaia askorik ez dago, eta behin aukera dugunean, ez dugu inozoarena egingo bada.

Zure egoeran daudenei tonto paperak eskaintzen al dizkiete, ala?
Ni bezalakorik ez dut ikusten interpretazioan. Nik ez dut ikusi telebistan fisikoki ni bezala dagoenik. Behin hori lortuko bagenu, ikusgarritasuna ematea, ezin gara tontoak bagina bezala agertu. Tontoak izan daitezela beste batzuk, eta, hartara, gu izango gara bertan agertzen diren minusak.

Argi dago paper gehiago egon behar dutela eta ikusgarritasuna eman behar zaizuela.
Hori da, eta jendeak ikus dezala gai garela beste gauza batzuk egiteko. Minusbaliotasuna baldin baduzu, zure pertsonaiaren trama hori izaten da maiz, nola bizi duen elbarritasuna eta nola moldatzen den eguneroko bizitzan. Baina interesgarria izango litzateke gai hori aipatu gabe beste istorio bat edukitzea pertsonaia horrek. Ondoren, ikusiko da pertsonaia aulkian doala, baina gai nagusia ez izatea minusbaliotasuna bere horretan. Hori, adibidez, gertatzen zen garai batean pertsonaia homosexualekin: ez ziren agertuko istorioetan. Gaur egun, pelikula edo telesail gehienetan normaltasun osoz azaltzen dira, eta ez da hori izaten gai printzipala. Lesbiana zara, bada oso ondo, baina zure kontakizuna beste bat da. Gure kasuan ere aurrerapauso hori ematea litzateke garrantzitsua.