Askotariko emanaldiez osaturiko egitaraua prestatu dute 38. Musika Jaialdirako

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 19a, 16:00
Musikagileak, udal ordezkariak eta Larrainako kideak, 38. Musika Jaialdiaren aurkezpenean. (Maria Maya Manterola)

Uztailaren 27tik abuztuaren 7ra bitarte ospatuko da aurtengo Musika Jaialdia. Egitarau anitza prestatu dute Udaleko Kultura Sailak eta musikariek, eta izango diren ekitaldiak iragartzeko agerraldia egin dute gaur.

Bueltan da Musika Jaialdia. Uztailaren 27tik abuztuaren 7ra bitarte, askotariko emanaldiak izango dira kalean nahiz herriko aretoetan, eta horiek iragartzeko agerraldia egin dute gaur Udaleko Kultura Sailak eta musikariek.

Sapere Aude Sinfoniettak antolatzen duen klarinete maratoiko laukote irabazleari lekua egin nahi izan diote egitarauean, eta haiek emango dute jaialdiko lehen kontzertua. Mari kalean izango da emanaldia, 19:00etan hasita. 

Iaz Zumaian izandako Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak emanaldia eskainiko du edizio honetan ere, baina oraingoan, Zumaiako Udal Musika Banda lagun duela. Imanol Iribarren taldearen sortzailearen arabera, euskal musika, musika latinoa eta jazza gurutzatzen ditu taldeak. Iribarrenek dio pandemia ostean grabatutako diskoa finantzatzeko hasi zirela kontzertuak ematen, baina kontzertu gehiago emateko aukera sortu zitzaiela han-hemen, eta "erakargarria" egin zaiola jendeari beren eskaintza. Bandarekin aritzeko moldaetak egin ditu, eta horrek "handitasuna" eman dio taldeari, haizezko instrumentuen kasuan batik bat.

Hesia urraturik, barrutik

Jaialdiari hasiera eman aurretik, baina, Larraina euskara taldeak eta San Pedro Abesbatzak antolatutako saio berezia izango da ostegun honetan, hilak 21. Hesia urraturik liburu eta disko egile Joxean Goikoetxea Xabier Leterekin inguruan arituko da solasean, Alex Gurrutxagak gidatuta. Larraina taldeko Belen Urangaren hitzetan, ilusioz hartu dute Larrainako kideek Xabier Leteren inguruan Zumaian aritzeko beta. Euskal kulturari hauspoa ematea eta herriko gainerako eragileekin elkarlanean aritzea helburu hartuta, "aukera ezinhobea" suertatu zaiela uste du Urangak.

Goikoetxeak azaldutakoaren arabera, obra bukatzean sortzailearen ardura ere amaitzen da hein batean, eta gero hartzaileek ematen diote bigarren bizitza. Bere lanarekiko interesa "gehigarri bat, sari bat" dela uste du Goikoetxeak, eta pozarren da horregatik. Azaldu du bi zor kitatzeko ekin ziola Hesia urraturik sortzeari: Xabier Leteri zor ziolako, batetik; eta bere barruan zuen arra baretzeko, bestetik. Obraren inguruan "barrutik" arituko dira ostegunean, eta gero, abuztuaren 1ean eskainiko dute Hesia urraturik, Xabier Lete in memoriam emanaldi bateratua, San Pedro Abesbatza eta Sapere Aude Sinfoniettarekin. Emanaldi horretarako sarrera eskuratu beharko da aurrez; Turismo Bulegoan jarriko dituzte salgai astebururako. 

Goikoetxearena ez da solasaldi bakarra izango, Iker Gonzalez zumaiarrak ere hitzaldia eskainiko baitu. Haren hitzetan, "musikaren historian bidaia bat" proposatuko du hitzordu horretan, eta "pedagogikoa" izan arren, saio arina izango da. Abuztuaren 3rako jarri dute hitzordua, 20:00etan Oxford aretoan. 

Berria eta klasikoa

Bestelako emanaldi bereziak ere izango dira, Joxe Mari Azkue Kultura zinegotziaren arabera: Traka Matraka-matraka Culinary Center emanaldian, esaterako, barazkiekin eta sukaldeko tresnekin egingo dute musika. Mozarten Flauta Magikoa opera proiekzioa ere antolatu dute –abuztuaren 2an izango da Aita Marin–, eta emanaldi horretarako ere sarrera eskuratzea beharrezkoa dela gaineratu dute. 

Aipamena egin nahi izan dio Azkuek Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan antolatutako ekitaldiari ere. Izan ere, Duo Cassadó bikotearen kontzertuarekin itxiko dute egitaraua, eta zinegotziaren arabera, Musika Hamabostaldiaren lehen edizioko sustatzaile Pilar Suarezi eskainitako eskertza kontzertua izango da.

Egitaraua

Uztailak 27, asteazkena
19:00. Klarinete maratoiko laukote irabazlearen kontzertua, Mari kalean.

Uztailak 30, larunbata
20:00. Zumaiako Musika Banda eta Aldapeko Basque Latin Jazz, Odietan.

Abuztuak 1, astelehena
20:00. Hesia urraturik, Xabier Lete in memoriam San Pedro Abesbatzarekin eta Sapere Aude Sinfoniettarekin, Zumaienan. Sarrerak Turismo Bulegoan: 12 euro arrunta, 6 euro langabetuak eta gazteak eta 3 euro haurrak. 

Abuztuak 2, asteartea
20:00. Mozarten Flauta Magikoaren opera proiekzioa, Aita Marin. Sarrerak aretoan bertan: 5 euro. 

Abuztuak 3, asteazkena
20:00. Musika margotuz solasaldia Iker Gonzalezekin, Oxford aretoan.

Abuztuak 4, osteguna
19:00. Traka Matraka-matraka Culinary Center emanaldia, Odietan.

Abuztuak 5, ostirala
20:00. Dantza: Neri(H)ari - Iceberg / Lasala Alive emanaldia, Odietan.

Abuztuak 7, igandea
20:00. Donostiako Musika Hamabostaldia: Duo Cassadó-ren emanaldia, parrokian.