Euskal Jai egunean lana egin nahi duten taldeek larunbatera arte eman dezakete izena

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 19a, 13:30

Abuztuaren 12an ospatuko da Euskal Jai eguna. Herri bazkarian eta sagardo dastaketan beharrezkoa izango da herriko taldeen parte hartzea, eta horretarako prest daudenek larunbatera arte eman ahal izagno dute izena. 

Parte hartzen dutenek hainbat betebehar izango dituzte 400 laguneko herri bazkarian. Otordurako beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezarri, bazkaria zerbitzatu, txartelak jaso, karpako sarrerak zaindu eta ondorengo txukuntze- zein jasotze-lanak egin beharko dituzte. Udalak zehaztu duenez, "Kultur Sailaren ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldari taldearekin" lotuko da guztia.

Sagardo dastaketa

10 sagardotegitako sagardoa eskainiko da bertan, eta horretarako edalontziak salduko dira aurrez. Lan-taldea osatzen dutenek, postuak ezarri, basoak saldu eta sagardoa banatuko dute, prestaketa zein txukunketa lanez gain. Sagardoa banatzen dutenak adinez nagusiak izan beharko dira.

Hautagaiak eta baldintzak

Udalaren hitzetan, "Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak" aurkeztu ahal izango dira.

Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ezartzen dituen oinarri berak bete beharko dituzte elkarteok, besteak beste, beharrezkoa izango da Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatzea.

Bestalde, partaideek euskaraz hitz egiten jakin beharko dute, eta sagardo-banatzaileen kasuan, ezingo dira adin txikikoak izan.

Izena emateko epea

Herri bazkarian edo sagardo dastaketan lan egin nahi duten herriko elkarteek uztailaren 23a baino lehen eman beharko dute izena, Alondegia kultur etxean, 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta edo kultura@zumaia.eus eposta helbidera idatzita.

Izen ematearen arabera, taldeei biltzeko dei egingo zaie eta dagozkien azalpenak eman zaizkie. Taldeen arteko zozketa bileran bertan egingo dela zehaztu du Udalak.