Gaur arratsaldean arraunzaleek mutilen trainerua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute Orioko erlojupekoan

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 17a, 16:09
Artxiboko irudian, zumaiarrak lan betean (Argazkia: @telmodeunAE).

Sarritan itsaso zabalean jokatzen dira estropadak, eta itsasadarretan aritzen direnean ere, traineruak ez dira ikusleen oso gertutik igarotzen. Gaur, berriz, Orioko zubi azpitik igaroko dira KAE1eko mutilak Orio Kanpina IV. Banderaren bila. Erlojupekoa da proba.

Gaur, igandea, 19:00etan hitzordu polita dute arraunzaleek Orion. Izan ere, bi txandatan banatuta, erlojupekoa jokatuko dute hamabi traineruek itsasadarrean, eta errepideko zubi azpitik igaroko direnez, zaleek gertutik ikusteko aukera izango dute trainerua zein arraunlariak.

Orio Kanpina IV. Bandera egongo da jokoan, eta Delteco Zumaiak aurreneko txandan lehiatuko du, ondorengo bost ontziekin: Busturialdea, Orio Orialki, Camargo, Deusto eta Hondarribia.

Bigarren txandan, berriz, Castro, San Juan, Pedreña, Arkote, Zarautz Gesalaga Okelan eta Sanpedrotarra ariko dira arraunean.

Lau luze egingo dituzte arraunean hiru ziabogarekin, guztira 5.556 metro.