Giro onean ari dira ospatzen Arroabeko festak

Nerea Uranga 2022ko uzt. 17a, 12:01

Gaurkoan, besteak beste, Arroako dantza taldearen ikuskizuna, bertso saioa eta Izer eta Alabierren emanaldiak izango dira. 

Gaupaseroen karrozarekin hasi zuten Arroabean atzo, uztailak 16, Karmen eguna. Segidan, haurrentzako puzgarriak izan ziren, eta eguerdian meza nagusia ari zen bitartean, kuadrillek paella lehiaketan parte hartu zuten, gero bazkaltzeko.

Arratsaldean, berriz, plazako harmailak jendez gainezka zirela kuadrillen arteko jolasak izan ziren. Gainera, jolas batzuk Lopeneren zezenak plazan zirela egin behar izan zituzten. Eguraldia bero, baita festa giroa ere, halaxe izan zen Arroabean Karmen eguneko arratsaldea. Jolasak bukatutakoan jaia Gotx elektrotxarangak girotu zuen eta 23:00etatik aurrera, Unidad Alavesa, Iheskide eta DJ Bull-en kontzertuak ere izan ziren. 

Gaurkoan, besteak beste, Arroako dantza taldearen ikuskizuna, bertso saioa eta Izer eta Alabierren emanaldiak izango dira.