Zumaiarren doinuak

Ion Brakamonteren doinuak

Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 09:00

Musikarekin harreman zuzena du Ion Brakamontek. Besteak beste, Itaka eta Voltaia taldeetan aritua, bakarkako disko bat ere atera zuen. Bere eraginak nabari dira egindako aukeraketan, baita Amerikan zehar egin zuen bidaia luzekoa ere. 

Musika, musika eta musika, zenbat ordu pasa ote ditut nire bizitzan musika entzuten. 

Gogoratzen dut oso txikitan, nola ibiltzen nintzen dantzan egongelako mahaiari bueltak ematen Telekantak, Txirri, Mirri eta Txiribiton, edo Xixupika-ren biniloak jarriz. Baita magnetofono batekin telebistako musikak nola grabatzen nituen, hala nola Grease filmako musika, jajah. Aitaren biniloak ere hasi nintzen entzuten pixkanaka: Iron Maiden, Led Zeppelin, Ramones, Mike Oldfield, Status Quo, ZZ top…

Gero etorriko ziren nire aukerak: Su ta Gar, Anestesia, Atxantatu, Pi L.T., Ktulu, Def Con Dos, Piperrak, Ama Say, Bap, Etsaiak, S.A...

Platonen hitzetan, musikak arima ematen dio unibertsoari, hegoak adimenari, hegaldiak irudimenari, kontsolamendua tristurari, bizitza eta poza gauza guztiei. Niri ere halaxe eman dit, musika nire bizitzako parte garrantzitsua baita, eta, abesti kuttunen zerrenda ia amai-ezina litzateke. Horregatik abesti kuttunen zerrenda baino aukeraketa bat egin dut.

1. Dut – Petrolioa ere

Nerabezaroan, Durangoko azokan bi kasete erosi nituen, Delirium Tremens Bilbo Zuzenean eta Dut taldearen lehen lana. Aitortu behar dut, lehenengo entzunaldian Hondarribiko taldea alde batera utzi nuela, baina entzunaldiz entzunaldi geroz eta gehiago gustatu zitzaidan. Dut At bigarren diskoarekin flipatu egin nuen. Urte batzuk geroago aurrez aurre musikari hauek ezagutzeko aukera izan nuen, San Telmoetan eszenatokia partekatu baikenuen. Gaur egun ere, nire euskal talde kuttunetakoa izaten jarraitzen du, ez bainaiz aspertzen entzuteaz. Abesti bat aukeratzea ez da erraza, baina, oraingoan hauxe aukeratu dut, Askatu Korapiloa diskotik, musika eta poesia uztartzen dituen abestia, oraindik ere pil-pilean dagoen gai bat jorratuz, etorkinak. Hitzek diotenez, "petrolioa ere etorkina da, baina hauxe ez da pateran iritsi... Itsas artean heriotz zuloa!".

2. Muse – Hysteria

Sepultura, Rage Against the Machine, Korn, Queens of the Stone Age, Marilyn Manson, Deftones, Slipknot... ile luzea neraman garaietako nazioarteko talde kuttunak. Hainbat kontzertu eta jaialdietara joaten ginen, Festimad zen horietako bat eta hiru urtez segidan joan nintzen Madrileko jaialdi mitikora, azkenekoan ordea kaosa izan zen, jendea txosnen barruan garagardo barrilak hartzen, sua, auto txikizioak... ia jaialdia bertan behera gelditu zelarik. Muse taldea Donostiko belodromoan ikusteko aukera izan nuen, gogoangarri dudan kontzerturik ikusgarrienetakoa izan zen hauxe, hiru musikarik eszenatokia nola betetzen zuten ikaragarria zen: Matt Bellamy abeslari, gitarra-jole eta piano-jolea, alde batetik bestera instrumentuak tartekatuz, baxuaren riff-ak eta bateriaren erritmo bortitzak, argi joko eta pantailako irudiek jantzirik. 

3. Anari – Galderak 1

Euskal Herriko emakume ahots eta musikari interesagarrienetako bat iruditzen zait. Era berean korapiloak askatzen eta barrenak hustutzen lagundu izan didana. Bere diskoetatik abesti hauxe aukeratu dut naiz eta beste kuttun batzuk ere baditudan, adibidez (H)erra edo Zebra diskoko Gu, Lisabö taldeko Txap-en kolaborazio bikaina duelarik.

4. King Gizzard & The Lizard Wizard – Rattlesnake

Rock psikodelikoa, punk eta rock estiloa ere gustuko dudanez, Eskorbuto, Kuraia, Royal Blood, edo beste askoren artean, azken aldian entzuten dudan taldeetako bat da King Gizzard & The Lizard Wizard. Australiar taldeak, abesti honetan erritmo dantzagarriak eta dibertigarriak jorratzen dituzte, naiz eta beren diskografian zehar estilo ezberdinetatik ibiltzen diren.

5. Loli Cosmica – Sagrado Femenino

Oihaneko xaman-amonen Ikaro kantuak, Andeetako abestiak, charango-en erritmoak eta sendagai abestiak deritzotenak izan nituen lagun, Amerika hegoaldetik iparraldera zeharkatzen nuen bitartean. Bakarrik bidaiatzean zentzumen guztiak areagotzen dira, zu zara zurekiko eta. Andeetan ondo azaldu ezin dudan beste energia bat sentitzen da. Altueraren eragina ote? Deskubritu nituen abestietatik hauxe aukeratu dut zerrenda amaitzeko, musika ere sendagaia delako.