Zumaiar bat hil da auto istripu baten ondorioz, Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 9a, 11:55

07:00ak aldera gertatu da ezbeharra GI-2633 errepidean, Zarautzen irteeran. Autoan zihoazen hiru lagunetatik bat hil da eta beste biak ospitalera eraman dituzte.

33 urteko gizon zumaiar bat hil da gaur goizean, 07:00ak aldera Zarautzen gertatu den auto istripuan. GI-2633 errepidean gertatu da ezbeharra, herri irteeran dagoen Monte Albertia zentroaren parean. Ertzaintzak jakinarazi duenez, autoa bidetik atera da eta farola baten aurka jo du. Hiru lagun zihoazen autoan, eta larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu badira ere, hil egin da hiruretako bat, zituen zauri larrien ondorioz. Beste bi lagunak Donostiako ospitalera eraman dituzte.

Ertzaintzak gertatu denaren arrazoiak argitzeko ikerketa martxan jarri du, eta autoaren gidaria atxilotu du, ustezko segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabeko hilketa egotzita.