Pasaian eta Portugaleten izango dituzte estropadak Zumaiako traineruek

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 9a, 11:00

ETE eta KAE 1 ligetako estropadak izango dira asteburu honetan ere. Emakumeek Portugaleten izango dute hitzordua, larunbatean eta igandean; gizonek, berriz, Pasaian, larunbatean. 

Asteburu honetan ere ez da faltako estropadarik. ETE ligan ari diren traineruek Portugaleten izango dute hitzordua. Portugaleteko Uri Urena XL. Bandera izango da jokoan bi egunetan banatuta: larunbatean arratsaldez izango dira traineruak lehian, 17:20tik aurrera; igandean, berriz, eguerdian jokatuko da, 12:20an. 

Aurreko estropadetan lan ona egin ondoren aurkeztuko da Zumaiako trainerua Portugaleteko estropadetara. Ziburun lehen bandera irabazi zuten Kike Manterolak gidatutako emakumeek, eta Zumaiako eta Castro Urdialeseko estropadetan hirugarrengo bi postu on lortu zituen Telmo Deun traineruak.

Gizonek, aldiz, estropada bakarra izango dute asteburu honetan, larunbatean Pasaian jokatuko den CMO Valves Bandera, hain zuzen. Erlojupeko estropada izango da Pasaiako badian 17:30etik aurrera jokatuko dena. 

Zumaiak behetik gora egin du azken asteotan. Lehen bi estropadetan hamargarren egin ondoren, Castro Urdialesen zortzigarren postua lortu zuen Telmo Deunek, eta hirugarren pasa den igandean Elantxoben.