Urola ibaian bainatzeko eremua baliztatuko du udalak

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 7a, 12:00
Argazkia: Daniel Carballo

Hiru eremu baliztatuko ditu udalak hilaren 15aren bueltan, sortu daitezkeen arriskuak saihesteko asmoz. Gomendio zerrenda bat ere plazaratu du.

Itsasgoran ohikoa da ibaia bainulariz beteta ikustea, eta egoera horietan sortu daitezkeen arriskuak ekiditeko asmoz, bainatzeko eremuak baliztatuko ditu udalak hil honen erdialdean. Arranpla ingurua, Moilaberriko zubia eta itsas kiroldegi ingurua izango dira eremu horiek. 

Era berean, gogorarazi dute debekatuta dagoela ibaia alde batetik bestera zeharkatzea, eta bainatzeko eremuak errespetatu egin beharko direla. Gomendio zerrenda bat ere plazaratu dute, eta eskuorri batean bildu dituzte horiek guztiak. Formatu fisikoan tablak eta padelak alokatzeko establezimenduetan zein surf eskoletan egongo dira. 

Ondorengoak dira ibaian bainatzeari lotuta udalak emandako gomendioak: 

  1. Gogoan izan sen onak eta gizalegeak izan behar dutela nagusi
  2. Norbere mugak ezagutu behar dira. Ez sartu uretan hasiberria bazara eta ibaiko baldintzak oso txarrak badira (korronteak, objektu arriskutsuak...)
  3. Debekatuta dago pantalanetatik bainu-eremura sartzea
  4. Bainua baimenduta dagoen eremuetan, itsasadarrera sartzeko egokitutako arrapalak erabili behar dira, eta arreta berezia jarri behar da eremu horretan dauden bainulariekin
  5. Itsas kiroldegiaren gunea: arraun eta piraguismo-kluben ontzien sarbide-eremua libre utzi beharko da segurtasunagatik
  6. Santiagotxikiko padura: Ezin da padura barrura sartu, ezta bertan kirola egin ere. Hegaztientzako atseden-gunea da, Natura 2000 Sareko eremua (BBE-KBE)
  7. Basazpia padura (Usurbiribillaga uharteak): Kirola egiteko kanala Basusta mendiaren aldekoa da. Errioaren beste aldea, Sanmigelazpia, babestutako eremua da (BBE-KBE)
  8. Portu-bideek eta nabigazio-kanalak beti libre egon behar dute
  9. Kirol jarduerak. Itsasadarra edozein kirol-jardueratarako erabiltzen bada, beti eskuinaldetik egitea gomendatzen da, martxaren noranzkoan, eta ibaian gora, betiere ikusmena nabarmentzeko elementuekin (buiak, txalekoak, etab.) erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.