‘Juanita Larondo’ patatxak geldialdia egingo du asteburuan Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 6a, 18:00

Elkano Itsas Herria zeharkaldiaren barruan sartzen da ontziaren bisita. Andoni Egaña bertsolariak egingo dio harrera. Ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte herrian.

Elkanoren mundu birako urteurrenaren harira makina bat ekitaldi jarri dira abian azken hilabeteotan. Horietako batek, Elkano Itsas Herria ekimen ibiltariak, geldialdia egingo du etzitik aurrera Zumaian. Datozen asteotan Getaria eta Orio ere bisitatuko ditu. 

Euskal kostaldean barrena egingo den zeharkaldi baten bidez, Euskal Herriko  kostaldeko herriek partekatzen duten itsas kultura zabaltzea du helburu, antolatzaileen esanetan, "herri gisa itsasoarekin dugun  harremana berreskuratzeko helburuarekin".

Maiatzaren amaieran Pasaian egin zen Itsas Jaialdian izan zuen zeharkaldiak abiapuntua, eta irailaren 18an amaituko du bidea Ziburu Donibane Lohizunen. Ekimenaren barruan, Juanita Larando patatx-motako bela- eta arraun-ontziak, hemezortzi  tripulatzailerekin batera, portuz portu nabigatuko du kostalde osoan zehar, eta hogeita hamar herri  inguru bisitatuko ditu. Deba-Itziarren egindako egonaldiaren ondoren helduko da patatxa Zumaiara. Andoni Egaña bertsolariak egingo dio harrera ostiralean 13:00etan.

Albaolako Aprendiztegi nazioarteko aroztegi eskolan eraiki dute ontzi hau,  joan den mendeko 70eko eta 80eko hamarkaden artean Orioko Mutiozabal ontziolan aurkitutako  planoetatik abiatuta. Patatx horrek 15 metroko luzera du, arraunen nahiz belen bidez ibil daiteke  eta hemezortzi lagunek osatutako eskifaia behar du aurrera egiteko.

Ontziaren egonaldiarekin batera, beste ekitaldi batzuk ere antolatuko dira. Hala, etzi, larunbatean eta igandean, 12:00etatik 20:00etara bitartean, erakusketa eta informazio puntua jarriko dira Moilaberrian. 

Ostiralean, 20:00etan, Beheko Plaza Abesbatzaren udako kontzertua emango du Komentuan, eta larunbatean, 11:00etatik 13:00etara arraunketa saioak egingo dira. 

Egitaraua

Uztailak 8, ostirala

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian. 

13:00etan. Patatxaren iritsiera Deba-Itziarretik eta harrera ekitaldia Andoni Egaña bertsolariarekin. 

20:00etan. Beheko Plaza abesbatzaren udako kontzertua, Komentuan.

Uztailak 9, larunbata

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian. 

11:00etatik 13:00etara. Arraunketa eta irteerak.  

Uztailak 10, igandea

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian. 

Uztailak 11, astelehena

Goizean zehar. Patatxaren agurra.