Esklerosi anizkoitzaren inguruko 'Busti zaitez' kanpaina Zumaian izango da igandean

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 6a, 12:30
Nagusilaneko kideek iaz ere jarri zuten materiala saltzeko mahaia.

Zumaiako Nagusilaneko boluntario taldeak mahaia jarriko du igandean Zumaian, esklerosi anizkoitzaren inguruko Busti zaitez kanpainari bultzada emateko. 

Bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da berriz ere esklerosi anizkoitzaren inguruan lan egiten duten elkarteek sustatutako Busti zaitez kanpaina. Gaixotasun neurologiko horren inguruko arazoez sentsibilizatu eta informatzeaz gain, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearen jarduerak finantzatzeko dirua lortzea du helburu, eta horretarako, Zumaiako Nagusilanek ere bere alea jarri nahi izan du. 

Erribera kalean izango dira 10:00etatik 14:00etara, eta Katuki Saguyakik edizio honetarako propio prestatutako askotariko materiala salduko dute. Dohaintzak egiteko aukera ere izango da postuan. Gipuzkoan esklerosi anizkoitza pairatzen duten pertsonen alde "bustitzera" deitu dituzte herritarrak.