Kontraturik gabeko lanen inguruko tailerrak antolatu ditu Kontseilu Sozialistak Zumaian eta Zarautzen

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 5a, 18:00

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak Ostalaritzako esplotazioari aurre egin izeneko kanpaina abiatu zuen ekainaren erdi aldera. Horren barruan, tailer bana antolatu ditu aste honetarako Zumaian eta Zarautzen. 

Antolatzaileen esanetan, kanpainak hiru helburu zituen: "sektoreko langileek jasaten dituzten eraso sistematikoak salatzea; horiei aurre egiteko bidean, baliabide teknikoak sortzea; eta auziari buruzko diskurtsoak aztertzea eta lantzea".

Horri lotuta, bi tailer egingo dituzte aste honetan; Zumaian eta Zarautzen bana, hain zuzen. Kontraturik gabeko lanen inguruko saioak izango dira eta Zumaian bihar egingo da, 18:30etik aurrera Oxford aretoan. Zarautzen, berriz, etzi izango da ekitaldia, ostegunean 19:00etan hasita, Gaztelekuan. "Asmoa da, nagusiki, jakinarazi ahal izatea zein diren langileok legalki onartuta ditugun eskubideak lan-arloan (kontraturik ez dutenek ere badituztelako aitortutako hainbat eskubide), eta hainbat gomendio ematea kontraturik ez duten langileei".

Saioak euskaraz izango dira, baina gaztelerako itzulpena izango da.