Gorka Elarrek irabazi du Zumaiako XXXIV. Argazki Lehiaketa

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 5a, 15:00
Gorka Elarreren lan honek irabazi du Zumaiako Argazki Lehiaketa

114 argazkilarik hartu dute parte aurtengo lehiaketan, 454 lanekin. Uztailaren 28an egingo da sari banaketa ekitaldia, eta egun horretan bertan zabalduko da lan onenak bilduko dituen erakusketa.

Joxe Juan Azkueren oroimenezko zuri beltzezko argazki lehiaketak badu irabazlea. Gorka Elarre argazkilariak irabazi du Zumaiako XXXIV. Argazki Lehiaketa Exiliados izeneko lanarekin. Hala erabaki zuen Iñaki Larrea Lastrilla, Arbil Iciar Manterola eta Amadeo Urdiain Navas argazkilariek osatutako epaimahaiak. Ekainaren 18an bildu ziren lehiaketara aurkeztu ziren lanen artean onenak aukeratzeko, eta sariak erabakitzeko. Bigarren saria Narciso Vila Vilellari eman zioten Forques i foc lanarengatik, eta hirugarrena Mario Pereda Bergari Patrones argazkiarengatik. Zumaiar onenaren saria, berriz, David de Llodiok jasoko du Quien está ahí? lanarengatik.

114 argazkilarik hartu dute parte Distira Argazki Elkarteak Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatutako edizio honetan. Guztira, 454 argazki jaso dituzte, eta galbahetik pasatu behar izan dituzte uztailaren 28an zabalduko den erakusketarako lanak aukeratzeko. Egun horretan bertan banatuko dira sariak. 

Distirako presidente Soraya Lopezek azaldu duenez, iaztik hona parte-hartzaile kopuruan jaitsiera izan da. "Iaz 150 argazkilarik hartu zuten parte; orain harte parte-hartze handiena izan genuen. Aurten jaitsi egin da, eta ez dakigu ondo zergatik. Beste argazki elkarte batzuekin hitz egin dugu, eta denetan ere antzera gertatzen ari dela jakin dugu. Gure kasuan, nazioarteko argazkilarien artean izan da jaitsiera handiena", adierazi du Lopezek. 

Izan ere, Euskal Herriko eta Espainiar estatu argazkilariez gain, parte hartzaileen artean Suitzako, Poloniako eta Argentinako argazkilari bana ere izan da. 

Herriko argazkilarien maila txalotu dute antolatzaileek. Izan ere, finalisten artean Zumaiako lau argazkilariren lanak daude. Zumaiar onenaren saria emateko orduan puntu berdinketa izan zela nabarmendu du Lopezek, eta epaimahaiak berdinketa hautsi behar izan zuela. 

Hemen ikus daitezke aurtengo lehiaketan saritu dituzten lanak, baita finalistak ere.