Mediterranear Jokoetako finala jokatuko du Kauldi Odriozolak Espainiako selekzioarekin

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 5a, 10:00
Argazkia: @RFEBalonmano

Aljerian jokatzen ari diren Mediterranear Jokoetako finala jokatuko du Espainiako selekzioak atzo finalerdietan Serbiari irabazi ondoren. Kauldi Odriozola zumaiarrak sei gol sartu zituen finalaurrekoan. 

Egipto izango du aurkari Espainiako selekzioak Aljerian jokatzen ari diren Mediterranear Jokoetako finalean. Oranen jokatuko da azken partida, asteazkenean, 19:30etik aurrera.

Finalera heltzeko Serbia indartsua gainditu behar izan zuen Jordi Riberak gidatzen duen taldeak. Finalerdietarako bidean zailtasun handirik ez dute topatu Espainiako selekzioko jokalariek; finalerdian ez zen gauza bera gertatu, eta Balkanetakoek ez zieten gauzak erraz jarri, lehen zatian gehienbat. Espainiaren aldeko 22-21 emaitzarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarrengoan nagusitasuna erakutsi zuen Espainiako selekzioak, eta aldea zabaldu zuen markagailuan. 42-38 emaitzarekin amaitu zen partida.

Kauldi Odriozola zumaiarrak sei gol sartu zituen, horietatik bi penaltiz. Defentsa jokoan ere parte hartu zuen, eta Riberak 5-1 defentsa erabili zuenean aurreratu gisa aritu zen datorren denboralditik aurrera Nantes talde frantziarrean arituko den jokalariak. 

Finalean Egipto indartsua izango dute aurkari. Afrikarrak bere lehen taldearekin ari dira jokatzen Aljerian; Espainiak, aldiz, talde gaztea eraman du joko hauetara. Asteazken arratsaldean jokatuko da finala, 19:30etik aurrera.