Prekarietatea salatu eta egoera iraultzeko konpromisoan berretsi da ELA sindikatua

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 29a, 18:00

Sindikatuak elkarretaratzea egin du Zumaian, Hego Euskal Herrian 541.000 langile prekario daudela salatzeko eta langile horien baldintzak behin betiko alda daitezen eskatzeko. 

Urola Kostako ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Zumaian, Hego Euskal Herriko 541.000 langile prekarioren egoera salatu eta "etengabeko pobretzea" gera dadin eskatzeko. 

Sindikatuaren arabera, hiru dira prekarietatearen ezaugarriak. Behin behinekotasuna, soldata baxuak eta lan-osasuna aipatu dituzte. Batik bat, prekarietatea gazteek, migranteek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek pairatzen dutela ere gaineratu dute. Sindikatuaren ustez, pobreak are txiroagoak dira, eta botere ekonomiko eta politikoak gero eta aberatsagoak. 

Soldata arrakalari ere erreparatu diote. Izan ere, Gipuzkoako langileen kasuan, % 33koa da emakumezkoen eta gizonezkoen soldataren aldea, ELAren arabera. Bereziki, zaintzaren esparruko langileak aipatu nahi izan dituzte: etxez etxekoak, adinekoen egoitzetakoak edota eguneko zentrotakoak, esaterako. 

Adinekoen egoitzetakoak, greban

Pandemiak gehien kolpatu duen sektorea da adinekoen egoitzetako langileena, sindikatuaren ustez. Instituzio publikoek sektorea indartzeko inbertsioak egin beharrean, langileen lan baldintzak okertzearen aldeko apustua egin dutela salatu dute, gainera. 

Dagoeneko 258 greba egun egin dituzte, eta bihar eta etzi ere egingo dute. "Bitartean, egoitzetan dauden lan baldintzak pandemia aurretik zeudenak baino okerragoak dira: langile falta itzela, egutegi aldaketak uneoro, lanaldi partzialak eta presio jasanezina, gero eta langile gehiago alde egiten ari dira, lan baldintza hobeen bila...", gaineratu dute. 

Etxez etxeko langileei dagokienez, negozio esparru bilakatu da, ELAk dioenez: "Gero eta enpresa pribatu gehiago sortzen ari da langileen prekarietatea aprobetxatuz irabaziak lortzeko eta instituzioek ez dute pribatizazioa gelditzeko urratsik ematen. Gipuzkoan, ELAk herriz herri hitzarmen kolektiboak lortzeko borrokan dihardu eta Zumaiakoa da adibide garbia: euren lan baldintzak hobetu gabe zituzten 2014tik, eta pasa den urtean euren mobilizazioei esker hiru urterako hitzarmen bat lortu zuten langileek". 

Lantokiz lantoki, lekuan lekuko errealitateak ezagutu eta ekiteaz gain, "patronalak eta administrazioak benetako aldaketa bat emateko" lanetan jarraituko duela esan du sindikatuak, eta erronka honi aurre egiteko ezinbestekoa dela "langileen antolakuntza eta borroka".