David Calderonek eta Imanol Ulaciak irabazi dute pala txapelketa herrikoia

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 29a, 10:10

Pala txapelketa herrikoiko azken partidak jokatu ziren atzo Odieta pilotalekuan. Beste bi pilota txapelketen finalak ere jokatuko dira aste honetan. 

Berdinduak izan ziren atzo Odietan jokatu ziren bi partidak. David Calderonek eta Imanol Ulaciak osatuta bikotea gorriz, Josu Osa eta Alberto Urbinak osatutako gerriko urdinez. Bi bikote hauek heldu ziren pala txapelketa herrikoiko finalera, eta espero bezala neurketa berdindua eskaini zieten San Pedro Egun bezperan Odietara hurreratu ziren pilotazaleei. 

Berdinketa ugariko partida izan zen, gehienbat lehen tantoetan. Zazpinako berdinketaren ondoren Osak eta Urbinak hiru tantoko aldea hartu zuten (7-10), baina Calderon eta Ulacia ez zeuden partida oparitzeko asmoarekin eta berdindu bakarrik ez, markagailuan aurrea ere hartu zuten. Lau tantoko aldea lortuta (17-13), bazirudien gorriek jantziko zituztela garaileen txapelak, eta hala izan zen. Urdinek 14. tantoa egin zuten, baina hurrengoa gorrien aldekoa izan zen eta 18-14 emaitzarekin irabazi zuten Calderonek eta Ulaciak txapelketa.

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zen aurretik, eta hemen berdintasuna are eta handiagoa izan zen. Ibon Ruiz eta Mikel Martinez aritu ziren gerriko gorriarekin, eta Gorka Segurola eta Aitor Segurola anaiak urdinarekin. Berdinketa bat bestearen atzetik igo zen markagailura, azkena 17nakoa. Azken tantoa hirutan jokatu behar izan zuten gainera: lehen saiakeran, bospasei minutuko jokoaren ondoren, pilota hautsi zen; bigarrengoan topo egin zuten bi aurrelariek, eta errepikatu egin behar izan zuten, eta hirugarrengoan bai, 18. tantoa lortu zuten Segurola anaiek. 18-17 emaitzarekin lortu zuten txapelketa hirugarren postua. 

Beste bi final

Aste honetan beste bi pilota txapelketetako finalak jokatuko dira, eguraldiak laguntzen badu, Odietan. Ostegunean, 17:30ean hasita, IV. Emakumezkoen pala txapelketako finalaurrekoak eta finala jokatuko dira. Ostiralean, berriz, 18:00etan hasita, eskuzko txapelketa azken partidak hartuko ditu Odietak.