Hirugarren eta hamargarren egin dute Zumaiako traineruek etxean jokatutako estropadetan

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 26a, 17:30
Emakumezkoen Zumaiako trainerua, gaur etxean jokatutako estropadan. Argazkia: Sara Utrera

Zumaiako banderak izan dira gaur jokoan, 37.a gizonezkoen kasuan, eta bosgarrena emakumeetan. Telmo Deun Arraun Elkarteko ontziek ezin izan dituzte gaurkoan banderak astindu: Plentziara eta Hondarribira joan dira. 

ETE eta KAE 1 ligetako traineru estropadak jokatu dira gaur eguerdian Zumaian, itsasoan, barraren parean. Itsaso mugitu izan dute gaurko txandetan aritu diren 21 ontziek. 

Emakumeen estropadarekin hasi da gaurko arraun jardunaldia. Bi txandatan banatu dituzte ligan ari diren bederatzi ontzian: lau traineru lehenengoan, bost bigarrengoan. Atzo Donibane Lohizune Ziburuko bandera irabazi zuen Delteco Zumaia bigarren txandan aritu da. Ziabogan etxekoak izan dira azkarrenak 6:36 denborarekin; Hondarribiak eta Hibaikak bi segundo gehiago behar izan dituzte buelta emateko. Itzulerako luzean, baina, Zumaiak ezin izan dio lehen postuari heldu eta bai Hondarribiak bai Hibaikak aurrea hartu diote. Hondarribia izan da azkarrena 12:23,54 denborarekin; Hibaika izan da bigarren (12:26,74) eta Zumaia hirugarren (12:30,75).

Hemen ikus daitezke Zumaiako V. Ikurriñako denborak. 

ETE ligako sailkapen orokorrean laugarren da Delteco Zumaia hiru jardunaldi jokatuta. 19 puntu ditu Zumaiak. Hondarribia da liderra, 24 punturekin. Datorren larunbatean izango du hurrengo hitzordua, Castro Urdialesen.

KAE 1eko bigarren jardunaldia jokatu da jarraian. Etxekoek ezin izan dute lehen jardunaldiko emaitza hobetu. Lehen txandan aritu dira Camargo, Busturialdea eta Oriorekin batera. Lehen ziabogan azkarrenak izan da Zumaia; bigarren izan den Camargori bi traineruko aldea atera dio. Bueltakoan, ordea, kantabriarrak hurreratu egin dira eta denbora berdina egin dute. Hirugarrengo luzean ihes egin du Camargok eta laugarrenean aldea zabaldu du. Azkenean, Zumaia bigarren izan bere txandan. Ondoren lehiatu diren beste zortzi ontziek denbora hobeak egin dituzte, eta hamargarren postuarekin konformatu behar izan du Delteco Zumaiak etxean. Arkotek irabazi du bandera, Sanpedrotarra izan da bigarren eta Pedreña hirugarren.

Hemen ikus daitezke Zumaiako XXXVII. Ikurriñako denborak.

Bi jardunaldi jokatuta, KAE 1 ligako hamargarren postuan da Delteco Zumaia, sei punturekin; Arkote da liderra, 24 punturekin, jokatutako bi estropadak irabazita. Hurrengo asteburuan bi estropada izango ditu: Castro Urdialesen larunbatean, eta Elantxoben igandean.