Denboraldian lehiatuko diren traineruak aurkeztu ditu Telmo Deun Arraun Elkarteak

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 25a, 09:47

Bihar jokatuko dira Zumaian KAE 1 eta ETE ligetako estropadak. Telmo Deun Arraun Elkarteak arraun denboraldi honetan arituko diren traineruak eta tripulazioak aurkeztu zituen atzo. 

Abian da aurtengo traineru denboraldia. Pasa den asteburuan jokatu ziren KAE 1 eta ETE ligetako lehen jardunaldiak, eta bihar Zumaiak hartuko du txanda –ETE ligako estropada ere izango da gaur Ziburun–. 11:40ean emakumeen Zumaiako V. Ikurriña jokatuko da, eta 12:15ean gizonezkoen XXXVII. Ikurriña.

Ohikoa den bezala, Telmo Deun Arraun Elkarteak aurtengo traineru denboraldian arituko diren ontziak eta tripulazioa aurkeztu ditu. Arranpla parean egin zuen aurkezpena. Neguko lan ilun eta isilaren ondoren, ligetan aritzeko aukera izango dute orain arraunlariek.