Euskara Sailaren diru laguntzak irailean emango ditu udalak

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 25a, 11:00

Orain arte diru laguntzen deialdia ekainean egin badute ere, irailera atzeratu dute aurtengoan. 

Aurten irailean egingo ditu udalak euskara alorreko diru laguntzen deialdiak. Euskarazko errotuluak eta euskara ikastaroak diruz lagunduko ditu aurten ere udalak, baina oinarriak eguneratu behar izan dituzte, eta horregatik atzeratu dute irailera deialdia.

Orain arte bi deialdi egin dituzte, bata euskara ikastaroentzat, eta bestea uda sasoian egindako ikastaroei lotutakoa. Aurten, ordea, deialdi bakarrean aurkeztu beharko dira biak. Azterketa edo probaren bat gainditu dutenek eta HABEren laguntza eskatzeko eskubidea dutenek deialdi bakarrean aurkeztu beharko dituzte, udalaren laguntzak haien osagarriak izan daitezen. 

Errotuluak, bestalde, 2022an euskaraz jarritakoak lagunduko ditu udalak diruz, gastuaren % 50a ordainduta eta gehienez ere 300 eurora arte. Irailean egingo du udalak deialdia, eta azaroaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak.