Jesus Mari Larrazabal zena oroituko dute igandean

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 23a, 15:30

Hilaren 29an urtebete beteko da Jesus Mari Larrazabal filosofo eta politikari zumaiarra zendu zenetik. Haren gertukoek eta lankide izandakoek sorterrian oroitzapen ekitaldi xumea egingo diote igandean. 

Urtebete beteko da ekainaren 29an Jesus Mari Larrazabal filosofo eta politikari zumaiarra zendu zenetik. Hari eskainitako “oroitzapen ekitaldi irekia” egingo dute igandean Zumaienako aretoan, 12:00etan hasita.

“Militante abertzale nekaezina eta maila handiko intelektuala” izan zen Larrazabal. Haren lankide izandakoek eta senideek antolatu dute igandeko ekitaldia, tartean, Larraitz Zubeldiak. Larrazabalen ikaslea izan zen Zubeldia, eta zumaiarra gertutik ezagutzeko beta izan zuen. “Pertsona sutsua” zen Larrazabal, “sentibera, guztia barrutik bizi zuena”: “Langilea zen, eta gazteoi geure ibilbidea egiten lagundu zigun”. Politikan ari zenean ere unibertsitatean aritu zen irakasle. 

Izan ere, akademian eta politikan ibilbide luzea izan zuen zumaiarrak. Gaztetatik izan zuen politikaren zaletasuna. Hasiera batean, Elizaren bueltan sortu zen Herri Gaztedi taldeko kidea izan zen, baita Urola Kosta bailarako arduraduna ere. Parisen burutu zituen ikasketak, eta Filosofian eta Ekonomian lizentziatu zen.

Euskal Herrira itzuli ondoren, esparru akademikoan eta politikoan egin zuen lan. Bergarako UNEDen sortzaileetako bat izan zen Larrazabal, eta zuzendariorde izan zen 1970eko hamarkadaren amaieran. Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen 1981ean eta 1992tik Logikako eta Zientziaren Filosofiako katedraduna zen. EHUko ILCLI Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuaren sortzaile izan zen, eta Eusko Ikaskuntzako lehendakarigai ere izan zen 2005. urtean. 

Politikan, berriz, 1978an, Herri Batasuna sortzeko bileretan parte hartu zuen; koalizioa osatzen zuten lau alderdietako bat zen LAIA, eta harekin Gipuzkoako batzarkide izan zen, 1979tik 1983a arte. 

Urtebetez, 2009ko maiatzetik 2010eko ekainera arte Legebiltzarkide izan zen Larrazabal Eusko Alkartasunarekin. Gernikako Estatutuaren markoak eman beharrekoak eman zituela iritzita, autodeterminazioaren eskubidearen defentsa egin zuen. Horretarako, beharrekoa ikusi zuen "indar abertzaleen" batasuna.

“Barre eta negar”

Larrazabalen figura oroitu, gertukoak elkartu eta “barre eta negar” egiteko ekitaldi xumea izango da igandekoa. Ibon Koteron Larrazabalen ikasle ohiak Pablo Sorozabalen Gernika eta Joxean Artze eta Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak interpretatuko ditu lehenbizi. Bideo berezi bat eskainiko dute gero. 

Zubeldiak nabarmendu du ingurukoak bai, baina gutxiago ezagutzen zutenak ere gonbidatu nahi dituztela ekitaldira, “jende askorekin zeukalako hartu-emana”.