Etxean izango dituzte estropadak Zumaiako traineruek igandean

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 24a, 10:00
Emakumezkoen trainerua Hernaniko Banderan. Argazkia: Josu Zelaiaran

ETE eta KAE 1 ligako estropadak jokatuko dira igande eguerdian Zumaian. 

Pasa den asteburuan eman zitzaion hasiera 2022ko traineru denboraldiari. Pasaiako badian jokatu ziren ETE eta KAE 1 ligako lehen jardunaldiak, eta datorren asteburu honetan Donibane Lohizunen eta Zumaian izango dira estropadak. 

ETE ligan ari diren emakumeek bi estropada izango dituzte jokatzeko. Larunbatean, Donibane Lohizune Ziburuko V. Ikurriña izango da jokoan. 16:30etik aurrera izango dira lehian ETE ligan parte hartzen ari diren bederatzi ontziak. Hurrengo egunean, igandean, Zumaian jokatuko da ligako estropada. Zumaiako V. Ikurriñan neurtuko dira ligako ontziak, 11:40etik aurrera. 

Gizonezkoei dagokionez, Zumaian jokatuko da igandean KAE-1 ligako bigarren jardunaldia, Zumaiako XXXVII. Ikurriña, hain zuzen. 12:15ean abiatuko dira lehen txandan arituko diren lau ontziak. 

Pasa den asteburuan jokatu ziren bi ligetako lehen jardunaldiak, eta gizonezkoen Telmo Deun ontzia hamargarren izan zen Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia XXII. Ikurriñan, eta zazpigarren emakumezkoen trainerua Hernaniko I. Banderan.

Aurkezpena

Telmo Deun Arraun Elkarteak gaur arratsaldean aurkeztuko ditu aurtengo ligetan arituko diren traineruak eta tripulazioak. Ekitaldia, eguraldiak laguntzen badu, behintzat, Arranplan egingo da, 18:30etik aurrera.