Komentua eraberritzeko lanen lizitazioa onartu du udalbatzak

Mojaxarren Komentua eraberritzeko espedientea eta lanen lizitazioa onartu zuen atzo udaletxean egindako ezohiko udalbatzak. Alderdi guztien aldeko botoa jaso zuen proposamenak.

Komentua kultur topagune bihurtzeko beste pauso bat eman zuen udalak atzo egindako ekaineko ezohiko plenoan. Ahobatez onartu zuten San Jose Komentua birgaitzeko espedientea eta, ondorioz, lanen lizitazioa. 

Musika, dantza eta arte eszenikoetako jarduerak hartuko dituen kultur topagunea bihurtuko da Zumaiako alde zaharrean kokatzen den eraikina. Iñaki Ostolaza alkateak udalbatzarrean azaldu zuenez, "bere denbora" behar izan du prozesu honek. Gogoratu zuen orain bi urte eta erdi hasi zirela proiektua lantzen. "Eragileekin hitz egin genuen eraikin horretan zer egin zitekeen jakiteko, eta programa bat adostu genuen. Musika eta Dantza Eskola, antzerki eskola eta arte eszenikoak hartuko dituen gune bat bihurtuko da". Musika Bandak, herriko abesbatzek edota Astindu dantza elkarteak bere lekua izango dutela ere adierazi zuen alkateak. Alde zaharrari bizitza berri bat emango diola ere nabarmendu zuen Ostolazak.

Eraikinaren eraberritze lanek 5 milioi euro pasako  kostea izango dutela iragarri zuen Ostolazak (5.085.211,59 euro zehazki), eta hori finantzatzeko dirulaguntza batzuk ere jasoko zituztela ere azaldu zuen.

EAJren aldeko boto kritikoa

EAJren udal taldeak proposamenari aldeko botoa emango ziola aurreratu zuen Oier Kortak, baina aldeko bozka hori "kritikoa" izango zela ere bai. Proiektuarekin bat egiten zutela adierazi zuen zinegotziak, eta udalaren jabe diren beste eraikin batzuk bezala (Erkibe etxea kasu) edukiz jantzi behar direla uste izan zuen. "Proiektu interesgarria da, baina gaia aurkeztu zenutenean galdetu genizuen ea dirulaguntzarik ezean proiektuak aurrera jarraituko ote zuen, eta udal gobernuaren erantzuna ezezkoa izan zen. Hala ere, EH Bilduk aurrera egin du proiektuarekin", esan zuen Kortak. "Proiektu handia da eta horri ekipamenduari dagokion 1,4 edo 1,5 milioi euri gehitu beharko zaizkio. Inbertsio hau Zumaiako herriarentzat inportantea da". Kortaren esanetan, beste eraikin batzuetan edo kirol ekipamenduetan ere inbertsioak behar dira, eta [Komenturako] dirulaguntzarik ez izateak zorpetzea sortu dezakeela azaldu zuen. 

Jeltzaleen baiezko botoa eskertu zuen Ostolazak, "herri proiektua delako eta denen bultzada" behar duelako. Kortari erantzun zion udalaren muskulu finantziarioarekin egingo dutela aurrera proiektuarekin, eta Komentuko eraberritzerako dirulaguntzak jasoko dituztela. "400.000 euroko dirulaguntza bat dagoeneko iragarrita dago, eta beste batzuk ere eskatuko ditugu". 

Erlazionatuak

Komentua biziberritzen: bigarren jaiotzerako lehen urratsak

gizartea

2009tik hutsik dago Zumaiako Alde Zaharraren erdian dagoen eraikina. Zumaiako Udalak eta herriko eragileek espazioa biziberritzeko lehen urratsak e...
Komentua Kultur Topagunea proiektuaren xehetasunak, bideoan

kultura

Joan den ostegunean aurkeztu zuten proiektua Komentuan bertan. Bideoan, Zetabi Arkitektura-Bulegoko kideek azalpenak eman dituzte eraikinaren eta p...