Beste kirol eta kultur jarduera askotan bezala, pandemiak eragina izan du Taosa igeriketa taldeak antolatzen duen Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldian ere. Hiru urtez ez da kirol proba hau jokatu –2019an egin zen orain arteko azkenekoa–, baina etenaldi horri etzi, larunbatez, emango diote amaiera. Goizeko 11:30ean hasita, igeriketa saioak egingo dira itsasoan, baita ibaian ere.
Berrikuntzekin itzuliko da igeriketa zeharkaldia. Hasteko, 11:30ean hasita, haur eta gazteen saioa izango da Urolaren itsasadarrean: Talaipe paretik abiatu eta Arbustaingo arrapala arteko 500 metroak egingo dituzte igerian. Ordubete geroago emango zaio hasiera helduen zeharkaldiari.
Lasterketa horretan izango da bigarren berrikuntza. Izan ere, aurtengo proba neoprenoarekin egiteko aukera zabaldu dute antolatzaileek. Lehenbizi, 12:30ean neoprenorik gabeko igerilariak aterako dira Itzurun hondartzatik, lehorretik. Bost minutu geroago, 12:35ean, neoprenodun igerilarien txanda izango da. Guztiek ere hondartza eta Arbustain arteko 3.000 metroak egin beharko dituzte igerian. Gipuzkoako zeharkaldien ligan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da neoprene gabeko sailean lehiatzea.
Itzurundik ateratzean olatuei eta korronteei aurre egin beharko diete igerilariek. Talaimendi azpian, barrara heltzeko tarte hori egingo zaie gogorrena, adituen esanetan, olatuak zeharka jasoko eta haitzera bultzatuko dituztelako. Behin barrari buelta emanda, eta olatuak lagun, zati errazena izango dute zeharkaldiko partehartzaileek.
Izena emateko epea
Igeriketa jarduera honetan parte hartzeko epea gaur bertan itxiko da, gauerdian. Izena rockthesport.com webgunean eman daiteke. Azken egunera arte zain egon direnek 35 euro ordaindu beharko dituzte lehiaketa honetan parte hartzeko. Haur eta gaztetxoen kasuan, berriz, 12 euro ordainduko dira, eta helduen kasuan bezala, gaur gauerdian itxiko da izen emate epea.
Dortsalak probaren egunean bertan jaso ahal izango dira, larunbatean, 9:00etatik 11:30era bitartean, Arbustaingo arranplan.