Udalak eta PuntuEus Fundazioak hitzarmena sinatu dute, euskara ingurune digitalean sustatzea xede

Ezkerretik eskubira: Aldalur, Mugika, Manzisidor, WaliƱo, Ostolaza eta Garciarena, joan den asteko agerraldian. (Zumaiako Udala)

Udalak erraztasunak emango ditu entitateen digitalizazioan euskara lehenesteko, .eus domeinua urtebetez ordainduko baitie herriko 100 entitateri. Ingurune digitalean ere euskararen erabilera kaleko erabileraren parekoa izan dadin jarri dute martxan dinamika. 

Zumaiako ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea helburu, hitzarmena sinatu dute PuntuEus Fundazioak eta Zumaiako Udalak. Euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dituzte datozen hilabeteetan. Joan den ostiralean egin zuten agerraldia udaleko, PuntuEuseko eta herriko elkarte eta merkatarien ordezkariek, hitzarmenaren eta ekintza horien inguruko zehaztapenen berri emateko. 

Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariaren arabera, fundazioaren helburua da eraldaketa digitalean euskaratik eragitea, eta horretarako eremu desberdinetan eragiten dute, norbanakoen erabilerara begira kontzientziazioa sustatuz eta erakundeen digitalizazioan euskarari tokia egiten lagunduz .eus domeinuaren bidez. 

Udalak erraztasunak emango ditu entitateen digitalizazioan euskara lehenesteko, .eus domeinua urtebetez ordainduko baitie herriko 100 entitateri. Webgunea orain egiten dutenek, gainera, zerbitzaria ere doan izan dezakete lehenbiziko urtean. Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jarri daiteke harremanetan argibideak jaso edota eskakizunak egiteko, euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera idatzita edo deitu 943-86 50 25 (616 luzapena) telefono zenbakira deituta. 

Kalekoa eta digitala parekatzeko

PuntuEusek emandako datuen arabera, 431 domeinu daude erregistratuta Zumaian. Horietatik 177 dira webgune aktiboak, eta aktiboen artean, 42k dute .eus domeinua, % 24ak, hain zuzen. Hizkuntzari dagokionez, % 30etan dago euskararen presentzia; % 85a da gaztelaniaz dagoen edukia; eta % 34a ingelesez, euskaraz baino gehiago. Ingurune digitalean ere euskararen erabilera kaleko erabileraren parekoa izan dadin jarri dute martxan dinamika. 

Iñaki Ostolaza alkateak uste du "potentzialitate handiko herria" dela Zumaia, industria sare handi samarra duelako, eta domeinua zabaltzeko aukera handiak ikusten dituelako. Maddi Aldalur Euskara zinegotziak, berriz, nabarmendu du herriko esparru ezberdinetan euskararen normalizazioa errazteko eskaintzen dituztela aktibazioa lantzeko zerbitzuak, eta hitzarmenak bide hori urratzen lagunduko duela. Euskaraldiaren helburuak lantzeko balioko duela ere uste du Aldalurrek: "Hizkuntza ohiturak aldatzea bultzatu nahi dugu, eta ez ahozko erabileran bakarrik; ingurune digitalean ere sor daitezke ariguneak, eta sustatu beharko dugu mundu digital horretan ere ahobizi eta belarriprest jokatzea".

Gertu, bidelagun

Herriko merkatarien alde lanean ari den elkartea izanik, helburua zumaiarrengandik gertu egotea dela uste du Lore Garciarena elkarteko teknikariak. Hurbiltasun hori ematen die .eus domeinuak, teknikariaren arabera. Agerraldian izan zen Sura osasun zentroko Eneritz Manzisidor, eta azaldu zuen egoeraz jakitun hartu zuela .eus domeinua erabiltzeko erabakia: "Identitateari lotutako erabakia izan zen, baita euskalgintzari ekarpena egiteko modua ere". Bat dator Pulpo Eskubaloiko Iraitz Mugika ere. Haren hitzetan, klubak herrigintzan ekarpena egin nahi du, euskararen aldeko askotariko ekimenetan parte hartzen dute, eta erabaki "logikoa" izan da webgunean ere euskara erabiltzearena.