Inoiz baino jende gehiago erakarri du aurtengo motozaleen festak

Bi urteko etenaren ondotik, Olagarroak 2022 Motor Topaketaren zortzigarren edizioa ospatu dute Alai auzunean. Bikers Urola Kosta elkarteko kideek festaren balorazio "oso ona" egin dute, "dena primeran joan delako eta jendeak oso ondo erantzun duelako".

Atzo, larunbata, Bikers Urola Kosta elkarteak antolatuta, Olagarroak 2022 Motor Topaketaren zortzigarren edizioa ospatu zuten Alai auzunean. Bero izugarria egiten zuen arren, zaleek ez zuten hutsik egin, eta dozenaka izan ziren hondartzara joan ordez motozaleen festara bertaratu zirenak. 

Jose Angel Dominguez Bikers Urola Kostako presidentea "oso pozik" zegoen egunaren bukaeran. "Azken bi urteotan ez dugu topaketa antolatzerik izan, baina gaur garbi ikusi dugu jendea gogotsu zegoela, jaiak sekulako harrera izan baitu. Beroa bero, jende asko ibili da goizean goizetik, eta guretzat hori da saririk onena". Atzokoan beste edizioetan baino jende gehixeago bertaratu zela ziurtatu zuen Dominguezek. "Gehienok betikoak gara, baina tartean aurpegi berriak ere azaltzen dira eta hori beti da pozgarria. Lanean jarraitzeko indarra ematen du horrek".  

Goizean goizetik hasita, egun guztirako egitarau bete-betea zuten prestatuta. 09:30ean eman zioten egunari hasiera parte hartzaileei harrera eginez, eta geroxeago, 11:00ak aldera, motoak hartu eta irteera egin zuten dozenaka motozalek. Eguerdi partean, taldeko argazkia atera zuten, eta Kupela jatetxera joan ziren bazkaltzera. Baina 17:00etarako Alai auzunean ziren berriro, arratsaldeko ekintzei ekiteko prest. Aurrena zaldi simulatzailea probatzeko aukera izan zuten nahi zutenek, eta gero, gozatu ederra hartu zuten Julen Mateos zumaiar gaztearen eta Emilio Zamoraren erakustaldiekin. Egunari bukaera emateko, zozketak egingo zituzten parte hartzaileen artean.