Frankistek kanporatutako herritarren omenez jarritako monolitoa eraberrituko dute

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 17a, 15:30

Denborak eta eguraldiak monolitoko marrazkia eta testua kaltetu dituela iritzita, eraberritze lanak egingo dizkiote lekuan bertan.

2017an 80 urte bete ziren tropa frankistek 252 zumaiar herritik kanporatu zituztenetik. Omenaldi ekitaldia egin eta Bego Blancoren marrazkia zeraman monolitoa jarri zuten orduan Ignacio Zuloaga plazan. Jexux Mari Iribarrenaren testua ere badarama monolitoak, Juan Luis Blancoren kaligrafia lanarekin. 

Denboraren eta eguraldiaren ondorioz monolitoko detaile horiek kaltetu direla iritzita, eraberritze lanak egingo dituzte. 

1937. urtean ehunka zibil deserriratu zituzten frankistek Gipuzkoan eta Bizkaian. Zumaia, Ondarroa eta Mutriku izan ziren herririk kaltetuenak. Zumaian, 252 herritar Zubitxikian bildu eta kamoioi eta autobusetan banatuta atera zituzten herritik.